Indartsuenaren legea deitu ohi zaio etengabeko lehian bizi den gizarte funtzionamenduari, non ahulenek galdu eta indartsuenek irabazi egiten duten. Irabazi ahulak baztertzeko, estaltzeko, zapaltzeko eta oraindik ahulago bihurtzeko boterea. Irabazi? Edo erosi?
Eros ditzakete erabakiak. Eros ditzakete gerrak. Eros ditzakete eskubideak. Eta eros ditzakete bizitzak. Bihur dezakete gaixotasuna bera negozio. Norberaren osasuna bera negozio. Munduko biztanleriaren %10ak besterik pairatzen ez dituen gaixotasunak tratatzeko erabili dezakete sendabide berrien garapen eta ikerketari bideratutako diruaren %90a. Aukeratu dezakete zein gaixotasun eta zein gaixok merezi duen sendabidea, eta zeintzuk ez.
“Indioentzako” sendagairik egiten ez dutela azaldu zuen behin Marjin Dekkers Bayerreko aholkulari nagusiak. Zalaparta sortu zuten haren hitzok, ez al ditugu munduko biztanle guztiok oinarrizko eskubide ukaezin berberak? Eta ez al du osasunerako oinarrizko eskubideak kalitatezko osasun-zerbitzuetarako sarbide unibertsala bermatzen?
Esadazu, Marjin Dekkers, zenbat balio duen nire bizitzak. Esadazu berdin balioko lukeen Malin jaio izan banintz, edota Ginean, Sirian, Hondurasen, Indian, Nigerian, Haitin, Malawin… Esadazu zein den niretzat erabaki duzuen heriotza. Tse-Tse euli baten ziztadak hilko nauen, edo bonba batek nire etxea suntsitu eta bertan erreko naizen. Malnutrizioak, goseak akabatuko nauen, Malariak jota zenduko naizen, edo lanean nagoela 500 kiloko pieza batek zanpatuko nauen. Esadazu, heriotza horietako zenbat saihestu ahal zenituzten indartsuenek, eta zenbat eragin dituzuen zuek zeuek.
