Aitor Bikandi
Egungo egoera sozioekonomikoaren bilakaeraren bideratze politikoak giza-errealitatea eta bertan ematen diren gatazkak modu oso zehatzean ikustera eraman gaitu, batez ere "mendebaldeko" gizartekideongan. Pentsakera hau desmontatzeko saiakerak asko badira ere, urteak joan eta urteak etorri, gutxiengo batek jarraitzen du estruktura ekonomikoa menderatzen, gainegitura ideologikoa finkatuz. Tarte honen helburua desmontaia horren baitan alea jartzea da.
Garaipena, sufrimenduaren isla
Atalak: Ekialde Hurbila, nazioartea, Palestina
Garaipenarekin amaitu dute preso politiko palestinarrek gose greba, 40 egunen ostean, eta sufrimendu handia dela medio. Garaipenik ez, borrokarik gabe. Hainbat mailatan egia den esaldia.
Zisjordaniako Jenin hirian Vaimoana Niumeitolu artistak gose grebalarien omenez marraztutako murala (http://www.thefreedomtheatre.org/).
Negoziazioan hogei ordu eman ostean, gose greba behin-behinean etetea erabaki dute grebalariek, Israelgo kartzela erakundeak adostutakoa bete bitartean. Greba honako eskari nagusiak lortzeko helburuarekin hasi zuten:
– Familien bisitak baimentzea
– Goi mailako hezkuntza eskubidea bermatzea
– Osasun arreta eta zerbitzu egokiak
– Inkomunikazioaren politikari amaiera ematea
– Atxiloketa administratiboa (kargurik eta epaiketarik gabeko espetxeratzea) legez kanpo uztea
Palestinako gatazkan paper oso garrantzitsuak bete dituzten presoek ere parte hartu dute parte greban, besteak beste PFLPko idazkari nagusiak, Ahmad Sa´adat-ek, eta Marwan Barghouthi-k. Azken hau, grebaren abiarazlea izateaz gain, azkenengo hamabost urtetan Israelen beldurren zerrendan lehenengo postuak bete dituen Fatah-ko buruzagia.
1.300 preso baino gehiagok hartu du parte greban, 40 egun hauetan, borondatezko barauaz aparte, IPS-ren (Israelgo Kartzela Zerbitzua) gehiegikeriak ere pairatu behar izan dituzte. Grebaren hasierako egunetan Ichud Leumi (Batasun Nazionala), Israelgo eskuineko mugimenduko kideek, Zisjordanian kokatutako Ofer espetxe alboan barbakoa egin izanak ere argi uzten du zein den hango gizartearen sektore baten sentimendua palestinarren eskubideekiko. Baina are ankerragoa da sistematikoki IPS-k presoei aplikatzen dizkien neurriak, egunerokotasunean, eta bereziki gose grebetan: Egunean hainbat alditan miaketak, zutik egon ezean jipoiekin osatuta; indarrez elikatzeko mehatxuak; osasun egoeraren larritasuna eta ahuldadearen eraginez oka egiterakoan odola isuri izanari ez ikusia eginez piper espraia erabiltzea; ura eman ordez, presoen aurpegietara botatzea; greban zehar urarekin batera bizigai bakarra izan duten gatza konfiskatzea… Hamazortzi preskok ospitaletik bizi behar izan dute grebaren bukaera.
Oraindik ere badira borrokarako mila arrazoi, besteak beste, 6.300 preso politiko palestinarrak (Addameer preso palestinarren elkartearen datua), gehienak nazioarteko legedia urratuz Israelek kontrolatutako lurraldeko hainbat presondegitan espetxeratuta daudenak. Erresistentziaren azkenengo mugarri honetan beste behin argi geratu da bai Israelgo gobernuaren gizatasun falta, zein palestinarren erresistentziarako gaitasun eta indarra ere. Nazio elkartasuna sendotu dute miseriaz beteriko 40 egunen ostean, ez bakarrik Palestina bertako eragile politikoen arteko gertutasuna sustatuz, baizik eta nazioarte mailan ere, desberdintasunak desberdintasun; Ramadango hilabetearen lehenengo egun honekin batera, etorriko al dira iraultza berri baterako itxaropen haziak?