Dantza zaharkituak aldatzearen beharraz
Ezin badaiteke dantzan egin, hau ez da nire iraultza. Eta dantzatu daitekeen musika bakarra iraungipen-dataduna baldin bada, hori ere ez da nire iraultza. Hala ere, bada oso iraultzailetzat jotzen den musikarik gurean, naiz eta honen dantza zaharkituak aspaldi eraman ninduen asperraldira. Julen Leuzak idatzitako artikulua abiapuntutzat, eta aipatu asperraldi horrek nigan sortutako hausnarketa ardatz harturik, musikaren inguruan hitz egiteko aprobetxatuko dut neuk ere gaurkoan.
Egia da Julen Leuzak bere azken sarreran musikari buruz dioena, industria ororen gisa, musika industriaren interes nagusia ere kontsumitzeko produktuak fabrikatzean oinarritzen baita. Irentsi eta kakatan botatzeko musika sortzean, alegia. Iraungipen-data eta zaharkitzapen programatuaz ahaztu gabe, denbora jakin bat pasa ostean berriro ere industria elikatzen jarrai dezagun. Dena den, merkatuaren funtzionamendua eta arrakasta kontsumitzaileek zehazten dutela kontutan hartuta, gure esku dago merkatu horren funtzionamenduko pieza izateari utzi eta musikaz gozatzeko beste bide batzuk bilatu eta bultzatzea, zigilu alternatiboetara jotzea, zein creative commons edo copyleft lizentzien aldeko apustua egitea. Baina behin pausu hori eman eta musika industriaren engranaje izateari utzi ostean ordea, zer?
Eta galdera hori aireratzen dut urteetan zehar musika “alternatiboaren” entzuleen baitan antzematen ari naizen joera batek arduratzen nauelako. Jendeak urte eta hamarkadetan barrena gure artean dauden kantuak entzutearen alde egiten duen deiari arriskutsu deritzot, asko baitira iraganeko hit-en maitale erromantiko bilakaturikoak, garai bateko sorkuntza musikalei leial, gaur egun sortzen denaren gainean arreta handirik (zipitzik ez esatearren) jarri gabe. Nola azaldu bestela 2013. urtea bukatzear den honetan reggaetoia jartzen ez duten taberna apurretan, txosnetan edota jai herrikoietan gehien dantzatu eta koreatzen diren taldeak duela urte dezentekoak izatea? La Polla, Hertzainak, Barricada, Ska-P, Kortatu, Betagarri, Su Ta Gar, Ken Zazpi, Skalariak, Piperrak, EH Sukarra, … gustu kontuak alde batera, onartu dezagun remix-ak berritzen joateko ordua dela, egun sortzen ari diren taldeei kasu egin eta Euskal Herrian daukagun emari musikal aberatsa indartzeko beharra dagoela. Aldatu dezagun zaharkitutako taldeek osatzen dituzten makro-kontzertuetara joateko ohitura areto txikien eskaintzari arreta gehiago jartzeko. Zabaldu diezaiegun gure Gaztetxeetako ateak ezezagun bezain interesgarri diren taldeei. Sintonizatu ditzagun irrati libreak Gaztea behin betiko alboratzeko. Berritu ditzagun tabernetako erreprodukzio listak gure belarrientzako doinu freskoekin.
Honekin ez dut esan nahi iraganeko kantuak ahanzturara kondenatu behar ditugunik, ni neu naiz Eskorbuto eta Negu Gorriak-en kamiseta zaharrak lehen egunean besteko ilusioz jazten jarraitzen dituen lehena, baina ez gaitezen horretara mugatu. Euskal Rock Erradikal bezala etiketatutako taldeen kantuek egungo egoera deskribatu eta salatzeko balio izaten jarraitzen badute ere, aspaldi utzi zion dantza horrek iraultzaile izateari. Dagoeneko, hau ez da nire (eguneroko) dantza.
Erabat ados, esaten duzunarekin. Askotan pentsatu dut kontu honetan, eta uste dut bi gauza desberdinetaz ari garela hizketan, musika zaletasun aktiboa batetik eta musika gure gizartearen elementu ezinbesteko moduan.
Musika berria deskubritzeko moduak inoiz baino errezago daude, eta asko dago, baina orokorrean “klasikoak” deritzogun horiekin asetzen da jendea, musika popularra bihurtu dena, eta azken finean “denoi” gustatzen zaigun musika delako jartzen da hainbeste, musika “ez baztertzailea” izango balitz bezala edo horrelako zerbait.
Gaztetxeetako ateak zabalik daude talde ezezagunentzat, eta irrati libreak ere, baina jende gutxi dago ezagutzen ez duen talde bat ikustera joateko prest, nahiz eta doan izan.
Rocka iada ez dago modan, eta esango nuke aspaldi utzi ziola iraultzaile izateari.
Eskerrik asko Jatsu zure ekarpenarengatik!
Erabat ados esaten duzunarekin, musika deskubritzeko inoiz baino bide gehiago eta errazagoak dauden honetan, betikoa entzutearekin konformatu ohi gara. Ez dakit talde berrienganako “pasotismo” hori rockak modan egoteari utzi diolako ematen den, ala sinpleki garaiekin batera pertsonak eta hauen interesak aldatuz doazelako. Badirudi musika gure gizartearen funtsezko elementu bezala indarra galtzen ari dela, musika zaletasun aktibo horren osasunaren kalterako.
Duela pare bat egun lagun batek zera aipatu zidan, bere ustez ez dela rocka iraultzaile izateari utzi diona, jendea baizik. Arrazoia duelakoan nago.