Gerra lehertu da Ukrainan. Baina hori erdizkako egia baino ez da: Donbassen eta beste eskualde batzuetan, Ukraina gerran zegoen jada errusiar jatorrizko herritarren aurka (2014tik hona, 15.000 hildako, bi milioi erbesteratu inguru, hiriak eta azpiegiturak suntsiturik…). Egungo Ukrainako gobernuaren aliatuek militarki parte hartuko ez zutela jakinda, Errusiako gobernuak taula gainean hordagoa jotzea erabaki du: operazio azkar batean, Kiev eta Ukrainako gainontzeko hiri eta gune estrategikoak hartuko ditu, gobernua eroraraziz –horra Irakeko eredua–, eta potentzia inplikatuak behartuko ditu bere interesen aldeko “bakea” birnegoziatzera. Epe laburrean galerak jaso arren, beraren interes ekonomiko eta estrategikoak indartuta aterako dira epe ertain eta luzean.
Gertaturiko konturik deigarrienetako bat izan da zer-nolako harridura adierazi duten Europako ezkertiarrek operazio horien aurrean. “Errusiako erasoaren mehatxua asmakizun anglo-amerikarra da. Urrats hori pentsaezina da…”. Bonbardaketak hasi ziren unera arte, hori zen iritzi orokorra. Gerra Hotzaren logikari jarraiki, AEBei leporatzen diegu munduan zeharreko operazio ezegonkortzaile oro. Putin ez zaigu batere atsegin, baina ezer gutxi da indar atlantisten aurrean. Ezaguna zaigun Mendebalde inperialean piztiari itzal egingo dion zernahi gure sinpatiak pizteko gai da, baina, aldi berean, ez zaigu burutik ere pasatzen bizitzea posible denik Mendebalde inperial horren erraietatik at…
Inpresioa dut zauritutako inperioen logikak ere ihes egiten digula. Europako Estatu garrantzitsuenak –Espainia, Frantzia, Herbehereak, Alemania, Britainia Handia– inperio zaurituak dira. Kontatzen duen istorioan (azken 500 urteetakoan), handiak izan ziren noizbait, eta munduaren zati esanguratsu bat menderatu zuten. Ondoren, etengabeko dekadentzian murgildu ziren, eta gehiegi erreparatu gabe gainbehera hori zein neurritan den, gaur egun, egiazkoa ala itxurazkoa –lekutan zegok antzinako loria!–, ondo datorkie zauriaren minbera gogoratzea beren sendotasun nazionalak indartzeko. Jakitun, betiere, Estatu oparo gisa bizirauteko ezinbesteko dutela kolonia zaharren arpilatzearekin jarraitzea.
Eta Europako inperio zaurituei munduko beste inperioak gehitu behar –AEB, Errusia, Turkia…–, baita India edo Txina bezalako inperio emergenteak ere. Gainbeheran edo susperraldian egon, inperioek ohiko dute barne- eta kanpo-etsaien aurkako gerrak piztea beren interesak defendatzeko eta barne-tentsioak bideratzeko. Hori hala dela jakiteak ez digu aldenduko, jakina, gerren aurkako oihua plazaratzetik –biktima babesgabeak hunkitzen gaituztenez–, haien logika urratzeko gai ez garela jakitun izanda ere. Beste kontu bat da enegarren uholde mediatikoen menpeko –“Putin maltzurra, Zelenski heroia”– zedarritze orokorrarekin bat egin behar izatea. Kanpaina horien zalaparta eta lanbroen azpitik, ondo dakigu alde kriminalean gaudela kokatuak: komentatzen ditugu frontearen berriak, bai, baina berehala heltzen diegu gatazkaren ondorio ekonomikoei: Errusian kokaturiko euskal enpresak, Alemaniak inportatzen duen gasa, erregaien eta beste lehengaien garestitzea edo burtsako gorabeherek gure negozioetan izango dituzten ondorioak.
Jarrera askatzaileek ez lukete inperio zaurituen logiketan erori behar. Ukrainak Errusiaren aurka erreakzionatzen duenean, logika inperialaren baitatik ari da. Eta horrekin ez diot Errusiarenganako afronturik ez duenik; nahikoa da Kapuscinskiren Imperium errepasatzea, hondamendi haren dimentsioaz jabetzeko. Baina agerikoa da, halaber, Mendebaldeko potentzien txotxongilo bihurtu dela azken urteotan. Egungo munduan herrialde ahulak haien zapaltzaileen aurka estatu-egiturekin armaz altxatzen direnean, deuseztatu egiten dira logika inperialetik kanpo jokatzeko aukerak: nazionalismo inperiala indartzeko erabiliak izango dira, euskal matxinatuen azken hamarkadetako esperientziak erakusten duen moduan. Horregatik, ez dira aski arrazoi borobilak armak hartzeko orduan. Ahulentzat, egun, gerra oro galdutako gerra da, eta, hura abiatzen denean, ageriko zoritxarrez gain, bizirik iraungo dutenen artean zauri sendaezinak zabalduko dira, zenbait belaunalditan.
Bestalde, ba al dugu eskubiderik gerraren desastreen aurrean gure sumindura agertzeko, gure gobernuek armen industria eta trafikoa bultzatzen dutenean, eskrupulurik ez dugunean botere-egitura genozidekin negozioak egiteko, hori guztia gure oparotasuna areagotzeko baldin bada? Europan lehertu delako eta geure interesak ukituak izango direlako hedabideek zenbait astetan dena saturatuko badute ere, ez da aztia izan behar gerra honen gidoi idatzia aurreikusteko. Artean, ez dugu jakin nahi horrelako gerrak milaka milioi gizakiren eguneroko errutinaren parte direla kontinente guztietan. Zailena da, konplize izan nahi ez dugunontzat, fatalismoan eta inpotentzian ez erortzea.