Gernikako asteleheneko azokan aurkeztu genuen Bizi Baratzea liburua. 11:00etan hasi zen barazki postuen artean festa, Trazola sagardoa, Eguzki Borda gazta eta trikitia lagun. Jende pila inguratu zen liburua eskuratu eta Jakoba Errekondo ezagutzera, hitzaldia hasi aurretik ere.
Argiako kide Iraitz Agirrek eman zion hasiera hitzaldiari, Bizi Baratzea liburua eta Argian egunero jorratzen saiatzen garen balioak lotuz: “Gizartean kolektibo asko gaude helburutzat daukaguna guztiok ongi bizitzea, merezi duen bizitza erdigunean jartzea… bada esan liteke jende horientzat oinarrizko irakurgaia (eta lan tresna) dela liburu hau. Abiapuntu eder bat. Liburuak berak halaxe dio: ‘Baratzea gozatzeko da. Eta zoriontsuago bizitzeko’. Eta baita ere ohartarazten du: ‘Ereiten duguna gara'”.
Ondoren, Remenetxe jatetxean 25 urtez sommelier ari den Jon Andoni Rementeriak liburu honen eta bertako produktuen garrantzia azpimarratu zuen eta balio horietan bat egiten duen Urdaibai esentziak proiektuari egin zion erreferentzia, zeinak elkartzen baitituen eskualdeko jatetxeak.
Jarraian Jakoba Errekondok liburuaren edukiak azaldu zizkien bertaratutakoei. Eta ohartarazi zuen liburu hau hutsune izugarria betetzera datorrela, bertako klimara egokitutako liburu bakana baita: “Isurialde atlantikoan arazo handi bat dago: erabiltzen ditugun liburuak italiarrak, alemaniarrak, ingelesak… direla. Eta hemen ez dutela balio. Pentsatu behar dugu Euskal Herri atlantikoa dela Europako bitxikeria klimatiko handienetako bat”. Luze iraun zuen bertaratutakoen esperientzia trukeak, baratzezainek aukera baliatu baitzuten liburua sinatzearekin bat bakoitzak bere zalantzak azaldu eta Errekondori aholkua eskatzeko.
Onintza Enbeitak azokako elkarrizketa txiokatu zuen:
“Liburue erosi dozu?”, esan deutsat bati azokan Bizi Baratzearen standaren aurrean. “Liburue? Atxurre nok ibili falta da!”. Arrazoia!
— Onintza Enbeita (@onintzaenbeita) June 8, 2015
Argiako Harpidedunei eta Bizi Baratzeako bidelagunei eskerrak
Iraitz Agirre Argiako kideak liburu hau plazaratzea posible egin dutenak nabarmendu zituen: Argiako harpidedunak, eta Alkartasuna Kooperatiba, Basherri sarea, Donostiako Udala, Ekogunea, Endanea, ENEEK (Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), Gipuzkoako Foru Aldundia, Gureak, eta Karabeleko.
Hurrengo Bizi Baratzea hitzaldiak Bizkaian
Azokara gerturatzerik izan ez bazenuen, agian hauetako hitzorduren bat parean egokituko zaizu.
- Ekainak 15: Lekeitio. Kultur Etxeko Azkue aretoan, 19:00etan. Lekitto-bedarra elkarteak antolatuta.
- Ekainak 17: Gernika. Astran, 19:00etan. Urdaibaiko Kontsumo Ekologikoko Taldeak antolatuta.
- Irailak 23: Getxo. Egizu elkarteak antolatutako Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoan, 19:30ean.
1 Iruzkin
[…] honetan Jakoba Errekondoren Bizi baratzea liburua aurkeztu dute Gernikan, ARGIAren eskutik. Errekondok berak azaldu digunez, “bertatik pentsatutako liburua […]