Oñatiko irailaren 20ko zita ari da pixkanaka gerturatzen eta ARGIAk egitaraua osatzen dihardu komunitate eta eragileekin elkarlanean. Leloa ere badugu jadanik: Argia Eguna 2015. Txikitik eragiten.
Txikitasunak lotura handia duelako ARGIAren izateko moduarekin eta gurean lantzen ditugun gaiekin, desazkundea rekin, eredu jasangarriago batekin, herrietatik sortutako jendarteko mugimenduekin… Txiki asko, txikitik eragiten, bestelako mundu baterantz bidea urratzeko gai garelako… Hori guztia bildu nahi du 2015eko Argia Eguneko leloak.
Oñatiko festarako bi hilabete eskas falta dira eta jadanik ari gara osatzen egitaraua. Horretarako, Debagoienako harpidedun eta eragileen arteko elkarlana eta laguntza funtsezkoak izaten ari dira.
Egun handia irailaren 20an izango da, igandez, baina aurretik ere egongo da parte hartzeko aukera ugari. Hala, irailaren 12an Arrasaten ARGIA EGUN TXIKIA ospatuko dugu, Euskal Herrian Euskaraz-eko kideekin batera antolatutako egun osoko festan ( txapelketa, poteo animazioa, “kanape” bazkaria, kontzertuak… ).
Argia Eguneko egitaraua oraindik osatzen ari gara, baina hona hemen oraingoz irailaren 20ko asteburuan Oñatin aurkituko duzuna:
BIZIKLETA MARTXA
Debagoiena eskualdeko bidegorrian zehar
IBILALDIA
Ingurune natural eta kulturala ezagutzeko ibilbidea
BISITA GIDATUA
Aizkorri mendilerroaren bihotzean dagoen Arrikrutz kobetara bisita
ARGIAZALEEN TOPAKETA “SEKRETUA”
Astekari berrituaren “zero” zenbakia
HERRI BAZKARIA
Bertako eta garaiko elikagaiekin herri bazkaria
JOLAS HEZITZAILEAK
Tailerrak haur eta helduentzat
JOLAS ALDARRIKATZAILEAK ETA HERRIKOIAK
Nortasun agiri arrotzen jaurtiketa eta Doke jokua
BIZI BARATZEA
Jakoba Errekondoren liburua komikilarien eskutik
KALE ANIMAZIOA
Bertsolariak, batukada, herrixka kantuan
KONTZERTUAK
Musika emanaldiak
AZOKA ALTERNATIBOA
Herri eragileen azoka lekuko produktuekin
TRANTSIZIOAK ERAKUSKETA.
Euskal Herriko historia hurbilari begirada selektiboa ARGIAko artxiboko argazkien bidez