Diagonal, La Directa eta ARGIA: hiru aldeko elkarlana

argia
0

elkarlanean

Diagonal, La Directa eta ARGIAren artean azken urteotan landutako elkar-ezagutza emaitzak ematen hasi da: Espainiako Estatuko hauteskunde orokorren harira, Madril, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko egoera politikoen berri emango dugu hiru komunikabideok elkarrekin.

Tokian tokiko panorama politikoari erreparatuko diogu asteartean hasita: Lehenik Madrilgo egoeraren berri emango dugu Diagonaleko kazetariek idatzita, asteazkenean Herrialde Katalanen txanda izango da La Directakoen eskutik, eta ostegunean Hego Euskal Herriari begira jarriko gara ARGIAren bidez. Artikuluak hiru hizkuntzetara itzuli ditugu eta egun eta ordu beretan argitaratuko ditugu hiru hedabideok.

Kazetaritza independentea egiten dugunon arteko elkarlana sustatzen saiatu da ARGIA Euskal Herrian. Jakitun gara gertakari handiei tamaina hartzeko txikien baturak duen indarraz; eta nazioarteko plazara ere ikuspegi eta jarrera berdinez atera gara.

Azken hamarkadan hainbat hedabide errotu dira, proiektu barruan zein kanpora begira baloreak lehen lerroan jarriz, atxikimendu handiko komunitate trinkoak osatu dituzte. Horien artean daude Madrilgo gizarte mugimenduetatik jaiotako Diagonal egunkaria eta La Directa, Herrialde Katalanetako herri mugimenduaren ahots nagusietakoa.

Gure jardun periodistikoa hizkuntza ezberdinetan garatu arren, aspaldi ekin diogu edukiak elkarren artean trukatzeri; hirurok erabiltzen dugun Creative Commons lizentzia askeari esker. Besteak sortutakoa itzultzea eta norberaren herrian zabaltzeak hiru proiektuak indartzen dituela jabeturik, beste pauso txiki bat eman dugu eta estreinako aldiz lan komunari sortze prozesutik bertatik eutsi diogu.

Izan dadila beste askoren aurrekaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA