Zer galdetuko zenioke Jone Goirizelaiari?

argia
0

GoirizelaiaEskarmentu handiko abokatu eta politikariarekin elkarrizketa irekia izango dugu ostiralean Gasteizen, Oihanederrek, Arabako Aleak eta ARGIAk elkarlanean antolatutako ekitaldian.

Jone Goirizelaia EH Bilduko parlamentari eta abokatua sakonean eta gertutik ezagutzeko aukera izango da ostiralean Oihaneder Euskararen Etxean. ARGIAren Trantsizioak erakusketa ardatz hartuta, azaro osoan Gasteizen antolatutako egitarau barruko ekitaldia da.

Hilero egiten dute Oihanederrek eta Aleak SolasALEAn elkarrizketa saioa Montermoso Jauregian; aurretik izan dira, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Maialen Lujanbio bertsolaria, Ane Irabazal kazetaria eta Zuriñe Hidalgo abeslaria.

Oraingoan ARGIAk ere hartuko du parte hiru eragileen arteko elkarlanari esker, eta Edurne Begiristainekin batera Mikel Asurmendi kazetaria ariko da elkarrizketan. Emaitza ARGIAn eta Alean ikusi ahal izango da bideoz zein idatziz.

Ez ohiko formatua izan ohi du SolasALEAn elkarrizketak. Batetik gonbidatuaren ikuspegi pertsonalagoa landu ohi da, hainbat gairi buruzko iritzia bere esperientziatik sakontasunez eman dezan. Bestetik, publikoak bertatik bertara galderak egiteko aukera gehiago izan dezala da helburu nagusietako bat. Twitter bidez ere jarri daitezke gaiak #solasalean traola erabilita.

Elkarrizketan, pil-pilean dauden zenbait gaiez ere galdetuko diote elkarrizketatzaileek Goirizelaiari, hala nola Cabacas auziaren gaur egungo egoera, bake prozesuaren martxa edota EAEko legegintzaldi berriaren panorama.

Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Oihaneder euskararen Etxeko Ortuño aretoan eta sarrera librea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA