Zentral nuklearraren eta energia ereduen etorkizunaz solasaldia antolatu dute ARGIAk eta Oihanederrek Gasteizen, gaur 19:00etan Montermoso jauregian.
Urtea amaitu baino lehen Santa María de Garoña zentral nuklearraren inguruko erabaki garrantzitsua hartu behar du Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak: berriz martxan jarri eta haren bizitza luzatu, ala behin betiko itxi.
Aktualitateko gai horren inguruan hitz egin eta energia ereduez hausnarketa sakonagoa egiteko Garoña behin betiko itxi? Demokrazia energetikoa eta energia sozialak solasaldia antolatu dugu ARGIAk eta Oihanederrek Gasteizen bi aditurekin: EHUko irakasle Aitor Urresti eta Garoñaren kontrako foroko Patxi Alaña.
Urrestik nuklearren gaur egungo egoera azalduko du eta trantsizio energetiko baterantz egiteko sortzen dituen arazoak aztertuko ditu. Alañak Garoñak sor ditzakeen arriskuez ohartaraziko du, Fukushima eta Txernobilgo istripuak aintzat hartuta, eta zentrala behin betiko ixteko giltza jendartearen aktibazioa dela azpimarratuko du, besteak beste.
Ekitaldia 19:00etan hasiko da, gaur, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean (Montermoso jauregian) eta Unai Brea ARGIAko kazetariak gidatuko du. Break gertutik jarraitu du Garoñaren eta nuklearren gaia gurean; egungo testuingurua zein den azalduko dio entzuleari.
Solasaldia ARGIAk eta Oihanederrek azaro osorako antolatutako egitarau zabalaren parte da. Trantsizioak argazki erakusketa ardatz hartuta, Euskal Herriko azken hamarkadetako eta gaur egungo eraldaketa sozial eta politikoez hausnartzeko geltoki izan nahi du ekimenak.