Zuloan: AHTren lan-baldintzak ikertzeko elkarlana eta bloga

argia
0

ArgiarenBarrenakAbiadura Handiko Trenaren obretan gertatzen diren gehiegikeria eta irregulartasunak ikertzeko elkarlana abiatu dute ARGIAk eta Manu Robles-Arangiz fundazioak.

Euskal Herrian inoiz egin den garraio azpiegitura handiena da AHT. Ingurumenean edo sozialki izan dezakeen eraginaz gain, bertan ari diren langileentzat ere zulo iluna da. Duela hamar urte eraikitzen hasi zirenetik lan-istripu ugari izan da eta gutxienez zazpi langile hil dira, makinek zapalduta, leherketen ondorioz edo elektrokutaturik.

ELA sindikatuak azken urteotan obretara egindako bisitetan ikusi eta salatu du langileak egoera guztiz prekarioan ari direla, gehiegizko lan-orduak eginez, dagozkien hitzarmenak aplikatu gabe eta erritmo oso altuekin.

Aldi baterako enpresa-elkarteek kanpoko azpikontratengana jotzen dute lanak azkarrago eta merkeago egiteko. Atzerriko langileei soldata oso baxuak inposatzen dizkiete, eta sarritan, iruzurra egiteko trikimailuak erabiltzen dituzte. ELAren esanetan, administrazio publikoak eta lan-ikuskaritzak “axolagabekeriaz” begiratzen diete enpresen jokabide horiei.

‘Zuloan’ bloga martxan

Manu Robles-Arangiz fundazioarekin sorturiko elkarlanetik abiatuta, Zuloan bloga jarri dugu martxan. Bertan, AHTren aktualitateari jarraipena egingo diogu, askotan oharkabean igarotzen diren albiste eta ikuspegiak eskaini nahi ditugu kanal horren bidez.

Horrez gain, trenbidearen eraikuntzan izan daitezkeen arrisku egoerak, lan-esplotazio kasuak eta prekarietatearen inguruko testigantzak biltzeko gunea ere izango da. Zuk edo zure inguruko inork AHTren obretan gertatzen ari denaz informazio edo bizipenik izanez gero, gurekin harremanetan jar zaitezke zuloan@argia.eus helbidera idatzita. Twitter kontua eta Facebook orria ere baditugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA