2017ko ARGIA Eguna Gasteizen egingo dugu

argia
0

argia-gasteiz

Arabako hiriburuan lurreratuko da aurtengo ARGIA Eguna. ARGIA Egunaren ezinbesteko osagaia elkarlana dugunez lehen bilkura antolatu dugu Gasteizko ARGIA Jendea eta konplizeekin: apirilaren 6an, osteguna, 18:00etan Oihanederren.

Aditu dugu behin baino gehiagotan (eta ziur kritikak baduela arrazoi puntua, eta koma) Araba eta Bizkaia geratzen direla ARGIAko artikulu, erreportaje, elkarrizketetan urrutien. Eta ez al zaigu gertatzen, eta orain bi aste bezala gipuzkoar-zentristetara itzultzen dugu burua, lurraldetasuna kontuan hartu behar dugula esatean Nafarroa eta Xilabarekin gogoratzen garela, ahalegin berezia egiten dugula hauek albo batera ez uzteko, eta Bizkaiarekin eta batez ere Arabarekin ahaztu egiten garela?

ARGIA Gasteiza doa ba oraingoan. “Trantsizioak” erakusketa Oihaneder Euskararen Etxean ikusgai egon zela ez da oraindik urtea izango. Lehendik harpidedun eta ARGIA zale diren lagunekin elkartu eta jarri zen babesleku, aterpe, topagune honen oinarri izango zen lehen harria. “Sekula ez da ARGIA Gasteiza etorri”, aditu genuen estreinako bilera hartan, eta barruak mugitu zizkion esaldiak bati baino gehiagori. Beti egoten omen da lehen aldi bat, baina ARGIAk ez du Arabara egindako bisita bakarrean geratu nahi; eta erakusketa antolatzeko egun haietan ereindako hazitik dator orain bigarren deialdia.

Zazpigarren alaba euskalgintza eta herrigintzaren esparruan bilakaera oso interesgarria izaten ari da azken denboretan, eraldaketa sozial eta komunitarioaren eremuan ere praktika garrantzitsuak sortu dira, eta euskarazko komunikabideen arloa ere indartzen eta trinkotzen doa poliki-poliki. Elkarlana gure indargunea izanik bide horretan denok irabazteko asko dugula sentitzen du ARGIAk, eta komunikazio proiektuarekin bat egin dezakeen komunitate esanguratsua dagoela bertan. Horregatik, eta harreman sarea sendotzeko asmoz deialdia luzatu nahi zaio ARGIA Jendeari apirilaren 6an, osteguna, 18:00etan Oihanederren antolatutako hitzordura agertzeko.

ARGIArentzat garrantzitsua da komunitatearen ekarpenak jasotzea, kritikak entzutea, eta pauso txikiak emanez tokian-tokian harremanak sortu eta bidea egitea. Baina ez dugu esku hutsik joateko asmorik, eta oparitxo bat ere prestatuta daukagu gasteiztarrentzat. Hori bai, hitzordura gerturatu beharko du albistea entzun nahi duenak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA