Lerrook irakurtzerako, argia.eus webgunean sartzeko ohiturarik baduzu behintzat, irakurle, agian ikusia izango duzu orain kontatzera noan albistea. Aldaketak dagoeneko ikusgai daude sarean, azken hilabeteotako lan luzearen emaitza. Webgune berritua dugu. Astero xamar astekariko komunitatearen txoko hau bisitatzen baduzu, akaso leitua izango zenuen berrikuntza lanetan genbiltzala. Lehen iragarpena zena, baina, orain errealitate bilakatu dugu.
Nazioarteko hainbat hedabideren itxurari eta komunikazioko azken joerei erreparatuta egindako lana da argia.eus berritua, etxe honek duela 20 urte Internetera saltatzeko egindako apustua ospatzeko aitzakiarekin egina. Aurpegi berria dugu sarean.
Diseinua ez da, ordea, aldatu den bakarra. Txoko berri bat ireki dugu Euskal Herriko elkarte eta kolektiboentzat. Eragileen komunitate bat sortzera goaz. Abenduaren 4tik aurrera, elkarte, kolektibo, eragile, mugimendu bakoitzak bere espazioa izan dezake ARGIAn, bere irakurketak, agenda, deialdiak eta abar zabaldu ahal izateko.
Zorionez, Euskal Herrian bada herri mugimendu zabal bat hamaika gai lantzen dituena, baina talde txikia da ARGIArena, eta iritsi nahi eta ezin genbiltzan. Alegia, elkarte eta kolektiboetatik iritsitako deialdi eta ekintzak albiste bihurtu eta zabaldu nahi, baina ezin. Konponbidea? Herri mugimenduari leku bat atondu eta gure etxean sartzeko giltza ematea. Horrela, eragile bakoitzak elikatu ahal izango du bere txokoa, presentzia irabaziko dute talde hauek guztiek ARGIAn, eta informazioak zabalpen handiagoa izango du. Gainera, etorkizun hurbilean ikusten dugu eragile hauek ere argia.eus-eko kanal tematikoen sisteman txertatzeko aukera.
“Eta zer gertatzen da dagoeneko webgune eta blogak dituzten elkarteekin?” galdetu dut nik. Bada eragileen txoko hau ez da soilik elikatuko testu edo argazkiak bertan sartuz. Bloga edo webgunea duten taldeek jada zintzilikatuta duten informazioa gurean automatikoki txertatu ahal izango dute, rss bidez, bi bider idazten ibili behar izan gabe.
Bi baldintza izango dira bete beharrekoak erabiltzaile bezala erregistratzeko: elkarte edo kolektiboa izatea, eta informazioa euskara hutsean ematea. Hori bezain erraza izanik eta eskaintzen dituen abantaila guztiak ikusita… aukera galduko duzu? Saretu ezazu zure eragilea ARGIAn!