[Itsaso Zubiria]: Kazetaritza-lana aipatzen dugunean, eta batez ere prentsa idatziaz ari bagara, kazetaria bera datorkigu gogora lehendabizi; testuaren egilea, sinadura bota duena. Baina beste sinadura bat ere egon ohi da lan horretan, agian diskretuago, isilago pasatzen dena, baina artikuluan, erreportajean, elkarrizketan garrantzi izugarria duena: argazkilariarena. Ziur naiz sarri irakurri duzula izen hau aldizkari honetan, irakurle: Dani Blanco. Ezaguna zaizu, ezta? Gaur egungo astekariaren diseinuari esker kazetarioi dagoeneko aurpegiak jarriak dizkiguzu, baina argazkilariari?
Kameraren atzean jarrita egiten du ezkutuko lana argazkilariak; eta zer nolako lana gainera. 1998an hasi zen ARGIAn kolaboratzaile lehen argazkiak publikatzen, eta 2006. urtetik da lantaldeko parte, gaur egun jardun erdiz ari dela. Ni ere egina naiz elkarrizketaren bat edo beste Daniren laguntzarekin, eta oraintxe burura datozkit Bilbo eta Gasteiz. Baina berdin zitekeen, Ablitas bezala Arantza, han joango bailitzateke argazkilaria eskatuz gero fin-fin, txintik esan gabe, bere lana egitera. Beti alde batetik bestera. Askotan pentsatu izan dut nolakoa izango ote den horrelako lan baten egunerokoa, eta aukera suertatuta, galdetu egin diot. Bi hitzetan ederki laburtu dit: “Aurreikusten ezinezkoa. Goizean egon naiteke Bilbon eta dei bat jaso, arratsaldean Baionan erretratu batzuk ateratzeko eskatuz; egunero abentura bat da. Lekuz aldatzen joaten garenez, gainera, lan bakoitzean momentuan egokitu behar izaten dut espaziora eta elkarrizketaturik badago pertsonara”, aitortu du. Baina oso gustuko du egiten duen lana eta horretan jarraitzeko asmoa du.
Ogibidea ez da Dani Blancori ARGIAk ematen dion bakarra. Euskal kultura ezagutu du “ARGIAri esker”, hala dio berak, eta talde honetan sartu zenetik, bidean euskaldundu ere egin da argazkilaria.
Ez da nolanahiko argazkilaria, gainera, oraintxe jasotzear baita sari bat Valentzian. Zorionak, beraz, Dani, eta jarraitu letraren beharrik gabe gaurkotasuna azaltzen.