2017an ARGIAn gehien irakurritakoa

argia
0

2017 izan da ARGIA.EUSeko historian bisita gehien izan duen urtea. Azken urteotako joera errepikatu da aurten ere: aurreko urteak ezarritako langa gainditzea. Ondoren jaso ditugu iaz bisita gehien jaso duten 10 edukiak

1. Kataluniako independentzia prozesuaren jarraipena (live-bloggina)

Orri honetan Kataluniako independentzia prozesuaren sugetzarrak eragin duen uholde informatiboari eutsi diogu. Artikulu hau da ARGIAn gai bati sarean egin zaion egiazko lehen jarraipen kolektiboa. Hau da, ARGIAko kazetari guztiok aktiboki parte hartu dugu lanketan eta idazketan. Horren emaitza agerikoa da. 2017ko artikulurik irakurriena izan da oso alde handiarekin, segidan datorren artikuluaren bisitak boskoiztu ditu.

 

2. Hainbat hausturarekin, larri dago ospitalean trenak harrapatutako Mozal Legearen aurkako ekintzailea

Maiatzaren 13an Usurbilgo tren geltokian, Mozal Legearen aurkako ekintza batean, larri zauritu bat izan zen, trenak kolpatu ostean. Trena Usurbilgo geltokira heldu denean, Donostiako Eleak-Libre mugimenduko 15 laguneko taldea trenaren albo batean. “EAJ, Mozal Legeari ez” zioen mezua pintatzen hasi zirela gertatu zen. Ekintzailea larri egon bazen ere, zorionez, egun, onik da. Lander Arbelaitzek eman zuen gertatuaren berri.

 

3. Arkitektura pedagogikoa: Utikan hormak ikasgeletatik

Ikasgela itxien ordez paretarik gabeko espazio irekiak bagenitu? Ikasmahai deserosoen ordez, aulki mugikorrak eta sofak? Giro hermetikoaren partez, kanpoko argia? Helburu hezitzaileek bultzatuta, arkitektonikoki eraldatzen ari diren ikastetxeen berri eman zuen Mikel Garciak erreportaje honetan.

 

4. Zenbatek ulertzen du euskara? ‘Egia eredua’k dakarren iraultzak badu mapa berria

“Ni euskaraz bizi naiz, zuk nahi duzun moduan erantzun eta kito”. Euskaldunoi hizkuntzari eustea eragozten diguten aurreiritziak gainditzeko eta mapa egokiari begiratzeko deia luzatu zien irakurleei Pello Zubiriak.

 

5. Euskaraz mintzo ziren bi polizia kanporatu zituzten Bartzelonako eskola batetik

Bartzelonako El Ravall auzoko Collaso i Gil eskolaik euskaraz mintzo ziren kalez jantzitako bi polizia kanporatu zituzten urriaren 1ean. Euskaldunen lana zelatatzen ari zirela salatu zuten eskola horretako Erreferendumaren Defentsarako Komiteko (CDR) kideek, Axier Lopezek jaso zuen sarean euskaldun batek egindako salaketa.

 

6. Bilboko Iberdrola dorrea okupatu eta kontzertua egin dute barruan

Martxoaren 3an lehen “kontzertu klandestinoa” egin zuten berrogei bat lagunek Iberdrolaren Bilboko egoitzan. La Bamba abesti mexikar ezagunaren bertsioa jo bitartean dantzan aritu ziren maskara koloretsu eta mozorroa jantzita, herritarrak “Iberdrolatik deskonekta daitezen”. Dani Blanco argazkilariak ekimena dokumentatu zuen eta albistea Axier Lopezek jaso zuen.

 

7. Etxetik bota ondoren ospitalera eraman behar izan dute 84 urteko Patxi Zubiarre Donostian

Patxi Zubiaurre etxetik ohatilean ateratzen ari zireneko irudi hau asko zabaldu zen abenduaren 13an. 40 urtez bere etxea izan zenetik kaleratu zuen Abacredit mailegu enpresak, 2014ko maiatzean ezin izan baitzion 104.000 euroko hipotekari aurre egin. Lander Aberlaitzek ekarri zuen albistea.

 

8. Zuriñe Hidalgok eraso egin diotela salatu du: “Etxerako bidean libre izan nahi dut, ez ausarta”

Kontzertu batetik etxerako bueltan zela, Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslariak sufritutako eraso matxista baten berri eman zuen Gaztea irratian ekainaren 7an. Itsaso Zubiria kolaboratzaileak jaso zuen sare sozialetan bolo-bolo zebilen gaia.

 

9. The biggest initiative in support of a language taking place in the Basque Country: Korrika

20. Korrikaren harira Lander Aberlaitzek idatzitako erreportajea ingelesera itzuli zuen Igor Letonak. Eta, hara non, ingelesezko bertsioak euskarazkoa baino gehiago zabaldu zen.  Nazioartean Korrika zer den azaltzeko baliagarria izan zelaren seinale.

 

10. Euskara, umorea egiteko primerakoa

ARA egunkarian Monica Planasek argitaratutako iritzia euskaratu genuen. Artikuluak egoki azalarazi zuen maiatzaren amaieran piztutako polemika: Espainiako Antena3 telebista kate espainiarreko El Hormiguerok saioak, gaztelania ez den hizkuntzak baliatzea–nahiko era traketsean– umorea egiteko. Tartean, euskara.

 

ARGIAk sarean eragiten jarraitzeko, komunitatearen babesa ezinbesteko dugu. Proiektua babestu nahi baduzu, zure neurrian egin dezakezu: www.argia.eus/eginargiakoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA