“Emakumeak greban” solasaldia antolatu du ARGIAk apirilaren 29an

argia
0

Apirilaren 29an, arratsaldeko 18:30ean, Donostiako Kaxilda liburu-dendan, hiru grebari buruzko azalpenak emango dituzte orain greba betean dauden bi emakume langilek eta “Berdea da more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak” liburuaren egile Onintza Iruretak.

Hiru solaskideek emakumeen hiru borroka kontatuko dituzte.
Hiru solaskideek emakumeen hiru borroka kontatuko dituzte.

Gipuzkoako polizia-etxetako eta epaitegietako garbitzaileak, eta Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak greban daude.

Nekane Zabala Hernaniko polizi-etxearen garbitzailea da. Garbialdi enpresak dauka kontratatuta. Duela 23 urte hasi zen lan horretan eta 19 bat urte daramatza lanpostu finkoa duela. Sektore horretako ia 40 lagunekin batera greban dago irailaren 19tik.

Aitziber Aranberri Gipuzkoako egoitzetako langilea da, gerokultorea. Donostiako Ategorrietako Villa Sacramento egoitzan egiten du lan eguneko zentroan. DomusVi enpresa multinazionalak kudeatzen du egoitza. Duela dozena bat urte hasi zen sektore honetan lanean. Lanpostu finkoa lortu eta segituan afiliatu zen ELAn. Bera lanean hasi zenean lankideak greban zeuden. Argi ikusi zuen borrokatu gabe ez zutela inoiz aurrera egingo. Duela lau urtez geroztik ordezkari sindikala da.

Bi grebalariek haien lan baldintzak kontatuko dituzte, zaintza eta garbiketa lanen nekea, eta haien lanak gizonenekin alderatuko dituzte, bai baitakite emakume izateagatik gutxietsiak direla.

Onintza Irureta Azkunek “Berdea da more berria. Bizkaiko egoitzetako grebalarien testigantzak” liburua aurkeztuko du. Liburua ELA sindikatuaren Manu Robles-Arangiz Institutuak eta ARGIAk elkarlanean egin dute. Liburuaren hitzaurrea Irantzu Varela Urrestizalak idatzi du.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA