Nola hobetu kultur munduko lan-baldintzak? Mahai ingurua ARGIAren eta Manu Robles-Arangiz Fundazioaren eskutik

argia
0

“Eta pagatzen dizute horregatik?”. Kulturaren esparruan aritzen direnek maiz entzun behar izaten dute galdera. Eta entzuten ez dutenean ere, lerro artean irakur dezakete. Baita jasan ere, lan egitera joan eta aurkitzen dituzten baldintzetan: kontraturik ez edo soldata urriak edo txiklea bezala luzatzen diren ordutegiak… Erregulazio falta handia dago sektorean.

Eta ez dira gutxi, baldintza hobeak eskatu ondoren, destainazko erantzunen bat jaso dutenak: “Gustatzen zaizuna egiten ari zara eta gainera kexaka?”.

Izan ere, badirudi kultur-jarduerak ez direla “benetako lana”, afizioz egiten den zerbait baizik. Eta beraz, edozein baldintzatan egin daitekeela, baita musutruk ere.

Baina geroz eta gehiagotan entzuten dira kulturgileen kritikak, aldatzen ez den egoera horretaz aspertuta. Eta badira kritikatik harago joanez, ekintzara ere pasa direnak. Azken urteetan, arteen eremu ugaritan borrokak piztu baitira lan-baldintza hobeak lortzeko asmoz.

Horiei buruz hitz egingo dugu ekainaren 13an, osteguna, 18:30ean Donostiako Kaxilda liburu-dendan Manu Robles-Arangiz fundazioarekin batera antolatu dugun mahai-inguruan.

Hiru gonbidatu izango ditugu mahaiaren bueltan: Tori Sparks abeslaria, Sindicat de Músics Activistes de Catalunya (SMAC!) sindikatuko kidea; David García Aristegui, SGAE: el monopolio en decadencia liburuaren egilea eta Coordinadora Sector Musical – CNT Madrid-eko kidea; eta Bitartekariak Martxaneko ordezkari bat (Donostiako Tabakalerako liburutegiko langile hauek bost hilabete daramatzate greban euren lan-baldintzak hobetzeko).

Zergatik kostatzen da hainbeste sortzaileek langile kontzientzia edukitzea? Nola egiten zaio aurre kulturaren sektoreko prekarietateari? Zer lortu dute sorkuntzaren munduko eragile hauek euren borrokaren bitartez? Datorren astean galdera hauei eta beste batzuei denon artean erantzuna ematen saiatuko gara. Sarrera doan da eta lan kulturala beste modu batera ikusten laguntzen duten betaurrekoak ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA