[Itsaso Zubiria Etxeberria] Bertako animaliak ezagutzeko jolasa atera du ARGIAk: Xapoketan. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan topatuko ditugun zazpi ekosistema desberdin identifikatzeko aukera emango digu. Eta lagunduko digu ezagutzen egunero gure ondoan ditugun 42 bizidun hauen itxura eta izenak, euskarazkoa eta izen zientifikoa. Zeren, nork ez daki jirafa baten ezaugarriak banan bana esaten? Nork ez daki hartza zuria nolakoa den? Urtetan ikasi dugu beste lurraldeetako animalia exotiko hauek nolakoak diren, baina ahaztu ditugu gure alboan ditugun asko. Nork ezagutzen ditu dupont hegatxabala, hoplia urdina edo arrabioa?
Zer hoberik jolastuz ikastea baino
Etxean zein eskolan erabiltzeko moduko karta-jokoa da. Karta horiekin bost jolas ezberdin egin ahalko ditugu, eta animalia hauei buruzko azalpenak ere emango dizkigute fitxek. Familia jolasa azalduko dugu segidan: Euskal Herriko lurralde bakoitzeko ekosistema bat aurkeztuko digute kartek. Bizkaiko hareatza eta padura, Gipuzkoako goi larreak, Lapurdiko itsasoa eta itsalabarra, Nafarroa Behereko basoa, Zuberoako landa eremua, Nafarroako basamortua eta Arabako sastrakadi mediterraneoa. Ez al da ekosistemaz ere anitza eta ederra Euskal Herria? Ekosistema bateko “familia” osatzea izango da jolas honen helburua, eta horretarako bildu beharko ditu ekosistema horretako sei animalia zehatz: ugaztun, anfibio, narrasti, hegazti, arrain eta ornogabe bana.
Iñaki Sanz-Azkue biologoak hautatu ditu Euskal Herriko lurralde bakoitzeko ekosistema zehatzak eta hauetako animaliak. Eñaut Aiartzaguenak marrazki eder bezain errealistak egin ditu. Eta Lore Erriondo Pedagogian doktore eta EHUko irakasleak landu ditu edukiak emateko modua eta jolasen dinamika, jokalariek ahalik gehien ikasteko modua zainduz.
ARGIAren Azokan salgai dago Xapoketan 15 euroan. Jolasa eskutan izan eta ezagutu nahi duenak, aukera izango du urriaren 12an Donostian ARGIAk mendeurrena ospatzeko egingo duen Deskoloniza gaitezen! festan: karta jokoaren egile Iñaki Sanz-Azkue eta Eñaut Aiartzaguenarekin Urgullen zomorro bila arituko gara, eta Trinitate plazako Argiaren mahaitxoan jolasa erosteko aukera egongo da.