Euskara izurrite eta mugaz gaindi

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ziburuko Baltsan elkarteak duela urtebete antolatu zuen euskarazko liburuen azoka. Egun oso batez euskarak Ziburuko plaza bete zuen ekainaren lehen larunbatean, lehen aldiz frantses estatuaren menpeko Euskal Herriaren alde horretan euskara hutsezko ekoizpenen azoka egin zen; antolatzaileetatik hasi eta argitaletxe zein bisitarien partetik mugaz bi aldeetakoak elkartuz. Aurtengoa, bigarren azoka prestatzen ari baitziren, udaberri honetarako antolatuta zegoen ekitaldi oro bezalaxe, bertan behera geratu da.

“Lehen azokak oinarri bat jarri du”, azaldu dio ARGIAri Ladix Arrosagaray Baltsan elkarteko kideak, ez dute 2019koaren anekdotan geratu nahi, “tematu beharra dago, har ditzagun bizpahiru urte hori sendotzen joateko, ea hitzordu kultural indartsu berri bat sortzeko gai garen, euskararen axola dutenak euskarazko ekoizpenen inguruan biltzeko urtero Ziburuko plazan”.

Baina jarraipena 2021eko ekainean izango du. Zergatik ez den udazkeneko data batera atzeratu? Tira, pentsatzen jarrita, udaberri-udatik udazkenera atzeratu diren ekitaldi guztiak zenbatzen hasiz gero… agenda topera izango dugu honezkero. Asteburu guztiak beteta. Batzuetan ostiraletik hasi eta igandera arte. Gainera, azpimarratu digu Arrosagarayk, “urtero data bera finkatu nahi dugu (ekainaren lehen larunbatean) eta izurriteak lausotzen du ikusmira: noiz arte iraungo du? Nola izanen gara hemendik bi-hiru hilabetera?”.
Lehen azokaren balorazioa baikorra izanik, nahiago izan dute aurtengoz ekitaldia bertan behera utzi eta datorren urtean berriz ere gogotsu heldu mugaz bi aldeetako jendeak euskara aitzakia hartuta elkarrengana hurbil gaitezen, “batzuek hasitako bidea (Bertsolarien elkartea, Iparra-Hegoa…) segiz”, dio.

Bazuten antolaturik hitzaldi bat, Kolonizatua Euskal Herria? Eneko Bidegain eta Ane Ablanedo solaskideekin, gure lankide Jenofa Berhokoirigoin animatzaile zela. Horrez gain euskaraz solasteko Mintzagunea eta bazkari andana zituen aurreikusiak Baltsanek, elkart gastronomikoa ere bada eta. Baina ikasturte berriari begira jarri da dagoeneko, bi hilabeteko geldialdiaren ostean.

ARGIAri mendeurrena ospatzeko aukera eskaini zion iragan urtean Baltsan elkarteak Ziburuko azokan. Plazerez hartu genuen oparia eta hurrengo urteko ekainean han elkartuko gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA