Iritziak orekatu nahian

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Batzuk euren ahotsa entzun dadin oihu egin beharrean sentitzen dira. Oihu egiten ausartu egin behar, baina. Sarri ez da erraza eta akaso formulak beste bat behar luke: zenbaitek isildu egin beharko lukete beste batzuek hitz egin dezaten. Ordea, agian, bi formulen arteko muga ez da hain argia eta bi aldeetatik dago tira beharra. Oihu egin beharrean sentitzen denak ederki identifikatzen du arazoa, tarteka isildu beharko lukeena eroso dagoen bitartean. Hasteko, mahai gainean jar ditzagun gure artean ditugun desorekak, azter dezagun errealitatea eta eman dezagun pauso bat aurrera.

ARGIAk iritzien atala aztertu du. Zigor Oleagak hartu du bere gain atalaren ardura orain hilabete batzuk eta ordura arte Mikel Asurmendi kazetariak egindako lanari jarraipena eman dio. Denbora honetan zenbait datu ateratzeko tartea hartu du generoaren, adinaren edo pertsona arrazializatuen aldagaiak kontuan hartuz. Aztertu ditu bai argia.eus webgunean zintzilikatzen diren iritziak (jendeak bere kabuz bidaltzen dituen testuak), bai astekarian argitaratzen direnak (Argiak eskatuta zutabea idazten dutenak). Emaitzak imajina ditzakezu, irakurle: 30 urtetik beherako inor edo ia inor ez, pertsona arrazializaturik ez eta interneten argitaratzeko iristen diren artikuluetan emakumeak askoz ere gutxiago gizonezkoak baino. Aldiz, ARGIAk astekarirako eskatzen dituen iritzietan egun parekidetasuna lortu da.

Nola parekatu balantza?

Erredakzio taldean aztertu dute egoera eta denen artean hartu dituzte erabaki batzuk, pixkanaka burutuko badira ere iparra markatuko dutenak. Ez dago azterketa horren datuak ikusi beharrik jakiteko orokorrean gizonezkoek, adibidez, errazago botatzen dutela beren iritzia emakumeek baino. Bilera batean, hitzaldi batean, eztabaida batean, iritzi artikulu batean. Beraz, nola lortu emakumeen iritziak ere kopuru bertsuan zabaltzea? Webgunean jartzen diren iritzi artikuluak jendeak bidalitakoak dira eta hauetatik portzentaje oso altu bat gizonezkoena da. Hori erregulatzea ez da erraza, ez baita Argiak aukeratutako zerbait. Hortaz, balantza orekatzeko aldizkarian emakume gehiagoren hitzak argitaratzea da helburua. Ez bat-batean. Pixkanakako prozesua izango da, naturaltasunez emango den trantsizioa.

Gazte edota pertsona arrazializatuen kasuan berdin. Iritzi sailerako hurrengo fitxajeak egiterako garaian aspektu hauek hartuko dira kontutan, poliki-poliki espazio hori orekatu dezagun.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA