Etxea, nire espazio pribatu hori

argia
0

[Itsaso Zubira Etxeberria] Etxebizitza eskubidea da. Ez dut uste ARGIAren komunitate osoan topatuko dugunik inor, kontrakoa dioenik. Ez nator eskubidea den ala ez eztabaidatzera, onartutzat jotzen baitut oinarri hori. Baina etxebizitzaz hitz egiten dugunean zer datorkigu burura? Zenbat gara hemen erosi duen etxea oraindik bankuaren eskuetan duena, alokairuan bizi dena, bigarren etxea alokatuta duena? Ez dago oso barneratuta gure gizartean jabetza kolektiboaren ideia edo erabilera-lagapeneko etxebizitza eredua, ohituta gaude merkatuak markatzen dizkigun irizpideak jarraitzera. Baina bada zirrikitua bilatu duenik. Ikusi duzu Puska dezagun izotza solasaldi zikloan Abaraska proiektuko kide Ana Almandoz eta Maite Leturiaren hitzaldiaren bideoa? Gomendatzen dizut.

Aurreko artikuluetan aipatu dugu solasaldi ziklo hori dela ARGIAren produktuek atzean dituzten ideia eta baloreak plazaratzeko espazioa. Etxebizitzaren gaian liburu bat argitaratu berri dute elkarlanean Olatukoop, Aiaraldea Ekintzen Faktoria, KoopFabrika eta ARGIAk elkarlanean: Komunitatean bizi. Herrialde Katalanetan sortutako “Habitar en comunidad” liburuaren itzulpena da. Bertan biltzen dituzte, La Borda proiektua oinarri hartuta, erabilera-lagapeneko etxebizitza ereduaren ertzak eta horiek leuntzeko formulak. Etxebizitza geroz eta jende gehiagorentzat ordaindu ezinezko eskubidea bihurtzen ari den garai honetan, “non biziko gara?” galderari erantzun bat ematea zail egiten ari denean, alternatibak badaudela erakutsi nahi duen liburu honek, bestelako eredu baten oinarriak esplikatzen ditu.

Hari-mutur asko dituen gaia da. Akaso gu ohituago gaude kooperatiba hitza enpresa bati lotuta entzuten. Baina hau beste zerbait da. Etxebizitzaren jabetza kolektiboa da, erabilerari lotua joango dena. Kooperatiba egiten da eraikuntzaren edo birgaitzearen gain eta berea izango da ondasuna. Etxearen egitura bera, kolektiboak erabakiko du nolakoa izan, baita hiri edo herriarekin, kalearekin zein harreman izan nahi duen. Publiko eta pribatuaren arteko harresia eraitsi.

Antzeko proiektuak ari dira sortzen Euskal Herrian, baina oraindik gure artean oso gai ezezaguna dela jabetuta, liburuaren euskarazko edizioaren egileek azpimarratu dute beharrezkoa ikusten zutela material hau euskarara ekartzea, eskuliburu moduan erabiltzeko. Bai erakundeetan proiektuak azaldu behar dituztenerako, baita bidean topa ditzaketen oztopo fiskal, juridiko eta abarrei erantzuna emateko erreferentziak izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA