[Itsaso Zubiria Etxeberria] Bazkide batzarra egin berri da ARGIAn. Langileena baita enpresa, gogoratu. Bost bazkide berri aurkeztu dituzte bertan. Eneritz Arzallus, Amaia Lekunberri, Jenofa Berhokoirigoin, Maitane Gartziandia eta Zigor Olabarria. Taldera batu diren azken lagunekin hitz egin dugu ikasturteko azken zenbaki honetan, zergatik egin diren bazkide, nola sentitu diren beraien lehen bazkide batzarrean…
Kazetari zein diseinatzaile izan, orain arte jaso duten ARGIAren ikuspegia aldatuko zaie bost bazkide berri hauei hemendik aurrera. “Proiektuaren ikuspegi integralagoa” izango dutela diote. Bazkide egin arteko harremana gehiago izan da soldatapeko lan baten antzekoagoa, baina lehen batzar horrek dagoeneko murgildu ditu enpresa baten hesteetan. “Zuzendaritzatik urtean behin langile guztiei balantze ekonomikoa azaltzen zaien arren, hau beste gauza bat da; diru-kontuez hitz egiten da, erabakiak hartu behar dira, langileon esku (hemendik aurrera gu barne) dago enpresaren norabidea markatuko duten erabakiak hartzea”, dio batek. “Kazetaritza proiektu baten atzean dagoen lan guztia ezagutzeko aukera dugu orain, eta ARGIA proiektuaren etorkizuna markatuko duten erabakietan hitza eta bozka”, segi du beste batek.
Epe luzerako ikusten dute beren burua ARGIAn. Ezagutu dute zein den etxe honetan lan egiteko modua, zein diren zuhaitza sustraitzen duten baloreak, zein den norabidea eta zeintzuk helburuak. Eta proiektuan sinetsita egin dira bazkide. “Soldata igoera bat izango dugu, lantaldeetan parte hartzeko ardura batzuk eta abar, baina niretzat garrantzitsuagoa da sentitzea talde baten parte zarela, talde horrek proiektu bat atera behar duela aurrera eta modurik egokiena da partaide guztiok baldintza berdinetan jokatzea partida”, azpimarratu du hirugarren batek.
Prozesu natural baten fruitu dira inkorporazio berri hauek. ARGIAn inor ez da bazkide egiten lehen unean. Ez da proba gogorrik edo baldintza berezirik bete behar ere. Lanean hasi, taldea ezagutu, lan egiteko moduak ikusi, eta ekipoan denok eroso eta gustura egonez gero, denbora kontua izan ohi da.
Gazteak badatoz atzetik bultzaka. Proiektuak jarraipena izateko beharrezkoa. Zaharrak gustura egoteko moduan dira.