Gaur, asteartea, urriak 12, lan eguna dugu ARGIAn. 2013an adostu genuen ARGIAko langileok gure balioekin bat egiten duen egutegia. Hispanitatearen Eguna bezala, Espainiako Konstituzioaren Eguna (abenduak 6) ere lan eguna da guretzat. Aldiz, abenduaren 3a (Euskararen Eguna) jai ofizial bihurtu genuen.
Jatorrizko herrien aurkako genozidioa
1492ko urriaren 12an, Ameriketako jatorrizko herrien genozidioa hasi zen. Espainiarren lehen espedizioak Ameriketara iritsi ostean, kristautasunaren izenean bertako herriak zapaltzeari eta euren aberastasunak lapurtzeari ekin zioten. Indigenen lurretan koloniak ezarri zituzten, ehunka kultura eta hizkuntza desagerrarazi zituzten. Euskaldun askok hartu zuen parte sarraski hartan. Konkistatzaileek ezkutatutako historia maisutasunez kontatu du, besteren artean, Eduardo Galeanok Venas abiertas de América Latina liburuan, zeina Iñaki Alegriak euskarara itzuli berri duen: Latinoamerikaren zain urratuak (UEU).