[Itsaso Zubiria Etxeberria] Covid “k”-rekin idatziko balitz euskaraz balioko liguke K.a. eta K.o. formulak pandemia aurre eta ondorena adierazteko. K.o.-ko Durangoko Azoka, adibidez. Tira, ez dut uste aurtengoa hala datatuko nukeenik. Pandemia pasata egotetik urrun samar ikusten baitut oraindik. Baina 2021ean, behintzat, lortu da Landako publikoari irekitzea; K.a.-ko baldintzetan izan ez bada ere. Nola joan da azoka, ARGIAren standetik begiratuta?
ARGIAk bere komunitateari eman nahi izan dizkio eskerrak: “Beste behin gure komunitateak babestu du proiektua, gerturatu da Durangora eta etorri da gugana; eta oso eskertuta gaude”. Garbiñe Larrearen Sendabelarrek dakitena liburuak harrera beroa izan du eta lagun asko hurbildu da egileari zuzenean galderak egitera. Jakoba Errekondo, beti bezala, komunitatearen zalantzak argitzen aritu da, letxugak banatuz. Gainera, Zigor Olabarria eta Koldo Rabadan ere Durangon ibili dira hurrenez hurren beren Txori Urdinak eta Bidean liburuak sinatu eta azalpenak ematen. Kazetariekin egoteko aukera ere izan dute bertaratu direnek.
Landakotik kanpo, Andra Mari elizapean, Inor Ez Da Ilegala proiektua babesteko kamiseta, jertse, poltsa eta beste hainbat produktu saltzen aritu dira Pape Niang eta Bouba Diouf Mbolo elkarteko kideak ARGIAkoekin batera, eta hauek ere gustura agertu dira jaso duten sostenguarekin.
Bisitariari txanda bakoitzeko jende kopuruak mesede egin dio lasaiago ibili ahal izan delako erakustoki batetik bestera, errazagoa izan baita hedabide, argitaletxe, musikari edo elkarteetako jendearekin solasaldi txiki bat edukitzea; baina denborak akaso estres puntua ere eman dio bisitari. Konturatzerako denbora gainean duzu, ordu erdi geratzen da txanda amaitzeko, oraindik ez duzu ezer erosi eta hasi beharra dago mugitzen. Deskubritu gabeko libururen bat topatzeko tarterik ez. Liburu denda batera joan eta aurkikuntza berriak egiteko plazer gutxitxo, aukeran. Izan dut sentsazioa kate handi bateko arropa dendan erosketak egitearena: presaka, ia arropa probatu ere egin gabe. Eta bukatu da, atera egin behar dugu, segurtasuneko txanda betetzen ari direnek ondo bete dute lana eta bidali gaituzte kalera, gunea aireztatu eta gu ere haize pixka bat hartzera.
Dena den, ARGIAren standean lanean aritu direnek aitortu digute beraiei ordu erdiko deskantsu hori ondo etorri zaiela, K.a.-ko Durangon hasi eta geratu ezineko txandak izaten baitziren sarri, erakustokia txukuntzeko tarterik gabe, komunera lasai joan eta kafe bat hartzeko betarik gabe; eta aurtengo tarteak aprobetxatzen jakin dute lantaldeko kideek