[Itsaso Zubiria Etxeberria] ARGIArekin liburu bat argitaratzeak bere zama txikia dakar. Ez baita publikatze horretan geratzen. Hori lehen botea da, baina bigarrena ere iristen da uste baino azkarrago, beti du bigarren buelta bat denak, eta liburua balioan jarri eta aurkezpenak egiten hasi beharra dago. Zama txikiarena ez dut zentzu txarrean ulertzerik nahi, irakurle. Bigarren buelta bat ekartzen dute gauzek ARGIAn, konbentzimendutik ematen dutelako pauso bakoitza, argitaratutakoa ez delako edozein liburu, gaian sinesten dutelako eta uste dutelako bertan lantzen diren baloreek ahalik eta zabalpenik handiena behar dutela izan.
2021eko azaroan aurkeztu zuen hezkuntzaren inguruko Bidean. Aurrera egin nahi duen irakaslearen dekalogoa liburua Koldo Rabadanek. Ez zuen aurkezpenik egiteko asmorik, soilik Larraulgo kultur astean, bertako ikastetxeko irakasle baita. Hori eta Durangoko Azokakoa. Baina beste proposamen batzuk iristen hasi zaizkio eta, oraingoz, urtarriletik maiatzera bitarte zortzi bat aurkezpen egin ditu.
Ikastetxeak dira, batez ere, Koldoren hitzaldia eskatzen dutenak; nahiz eta guraso elkarteren batekin ere aritu den hizketan eta aurreratu zaigu: “Hizketaldi aberatsak izan ditut guraso jendearekin ere, eskolan bultzatzen dugun haurrarekiko begirada hori ere etxeko egoerara eraman baitaiteke”. “Nire proposamena izaten da handira paso egiteko eta txikira jotzeko”, dio Rabadanek, muslari sena ateraz. “Aldaketa norberetik hasten da, barrutik, eta hobe da pauso txiki eta sendoak ematen joatea. Aldaketa handia ondoren etorri ohi da, konbentzimendutik”, segitu du.
Maisu-maistren barruak mugitzen ahalegintzen dela aitortu digu eta irakasle moduan zaindu eta landu beharko lituzketen printzipioen inguruan aritzen da.
Gustura dago hilabete hauetan jasotakoarekin, “eskertuta ARGIAtik hasi eta solasaldia gustuko izan ez duen entzuleraino, denek eman baitidate baliozko zerbait”, eta uda deskantsatzeko aprobetxatu badu ere, ikasturte honetarako baditu hitzaldi eta mintegi batzuk prestatuta, nahiz eta denak Bidean liburuarekin lotura zuzena ez izan.
Hau irakurtzen ari den inork interesik izango balu bere herrian, ikastetxean, elkartean antzeko solasaldiren bat antolatzeko, solasaldiak@argia.eus helbidera idaztea bezain sinplea da eta berehala jarriko dira berarekin harremanetan. Liburua ARGIAren Azokan dago salgai.