[Itsaso Zubiria Etxeberria] Sendabelarrek dakitena liburua argitaratu zuenetik gelditu gabe dabil han eta hemen Garbiñe Larrea, liburuaren egilea, etxe ondoan topa ditzakegun landare hauen inguruko jakintza partekatzen. Larraulen eman zion hasiera hitzaldi sasoiari eta udazken honetarako ere makina bat ditu hitzartuta.
“Harrera oso ona izaten ari gara eta oso gustura nago, interes handia sumatzen baitut jendearen partetik”, azaldu digu Larreak lehen balorazioan. Hitzaldi hauen asmoa ez da liburua aurkeztea bakarrik, lekuaren eta dataren arabera, saioa moldatu egiten da. “Hau ez da literatura, liburu praktiko bat izatea da helburua”, esan digu. “Praktikotasuna” bilatzen du aurkezpenetan ere eta horretarako egokiena inguruan eta momentuan ditugun landareei erreparatu eta horiekin lanean hastea da, liburuan sendabelar horiez ematen diren gakoak baliatuz.
Antolatzaileen kasuan bezala bertaratutako jendearenean ere, oso espektro zabala hartzen du. Udalak dira edo erakundeak dira sarri antolatzaileak. Badira, ordea, herrigintzan aritzen diren elkarteak ere, ez bereziki sendabelarren gaian espezializatuak baina bai interesatuak. Eta ikastetxeetatik ere jaso ditu bertaratzeko gonbidapenak, ikasleekin baino, irakasleekin egiteko saioren batzuk. Gerturatzen den jendearen profilak badu emakume heldua izan behar duenaren aurreiritzia. Baina Larreak dio hori baino askoz ere anitzagoa dela: “Eskaini ditut gehiengoa gizonezkoa bertaratutako saioak, badago 30 urte inguru dituen eta mundu urbanotik nekazaritzara gerturatzen ari denaren figura ere… Eta aurkezpen hauetan sortzen den belaunaldien arteko nahasketa oso aberatsa da”.
Belaunaldi arteko nahasketa horren barruan oso jarrera desberdinak identifikatzen dituela ere aitortu digu: “Badaude batzuk jakintza hauek jasotzeagatik eskerrak ematen dizkigutenak, beraiek agian etxean entzunak baina bere garaian bildu ez eta galdu dituztelako; badira etxetik dokumentu zaharrak, eskuz idatzitako apunteak ekarri eta zuk zerbaitetarako aprobetxatuko duzu akaso, esan eta horrelako altxorrak entregatzen dizkizutenak; eta badira beste batzuk kanpotik iritsitako zenbait sendabelarrekiko lilura dutenak eta lilura hori pixka bat desmuntatzen ere ahalegintzen naiz saioetan”.
Datozen saioen berri izan dezakezu Argia.eus atarian edo sare sozialetan, eta aurkezpen bat antolatu nahi baduzu zure herrian edo auzoan, idatzi solasaldiak@argia.eus helbidera eta segituan jarriko dira zuekin harremanetan.