[Itsaso Zubiria Etxeberria] Denborak aldatu ditugu. Edo denborak baino, lehentasunak. Garai ez uste bezain urrunetan lehenesten zituzten denborei barre egiten diegu. Orain ez daukagu denborarik zain egoteko. Egonarri gutxikoak gu. Urtaroen zain egoten ziren gure aurrekoak, bakoitzak ekartzen baitzuen fruituren bat; loretan ziren zuhaitzak etorriko zen jakiaren iragarle baitziren. Eta mimoz zaindu. Eta esperoan egon. Orain, urtaroak ere denboraren nozioa galtzen ari direnean, tomate, piper eta leka urte osoan dendan aurki ditzakegunean, orain, denbora lurrari itzuli nahi diogu ARGIAtik.
Egonarria, apirilaren 19an estreinatuko dugun bideopodcast berriak eskainiko dio denbora lurrari. Eli Pagola eta Mattin Jauregi gazteak saioaren gidari, astero 40 minutuko pilulatxoa emango digute. Bi ataletan banatuko da emanaldia. Aurreneko zatian lehen sektoreari lotutako gai nagusi orokor bat (energia berriztagarriak, lurra lortzeko zailtasunak, abeltzaintza…) landuko dute gaian jantzia izango den gonbidatu batekin. Bigarren partean, aldiz, proiektu zehatz bat aurkeztuko dute, hau ere gonbidatu bereziekin, lehen eskutik eta aprobetxatuko dute ekoizle txikiak ezagutzera emateko, beraien produktuak dastatzeko, etab.
Gizarteko erronka moduan ikusten du ARGIAk lehen sektorearen biziraupen duina eta saioa gidatzeko bi gazte jartzea ez da kasualitatea. Biek dute lurrarekin lotura. Pagola energia berriztagarrietan formatua da ikasketaz eta gaiari jarraipena egiten dio kazetaritzatik, eta Jauregi, berriz, erlezaina da, Balerdipeko erleak proiektuko kidea.
Sektoreak baditu lanak, baditu hamaika erronka, eta horiez hitz egingo da, noski; baina tristurak eta penak pixka batean Pandorari gordetzeko esan eta kutsu positiboa eman nahi diote emanaldiari. Erakutsi nahi dute, lanak lan, posible dela lehen sektoretik bizitzea.
Hamabi atal izango ditu oraingoz eta asteazkenetan zabalduko da argia.eus webgunean eta sare sozial guztietan. Gainera, zorte pixka batekin ARGIAko produktuz (Bizi Baratzeko liburuak, Lurra Herriari Deika kamisetak, Xapoketan jolasak…) eta saioko gonbidatuen ekoizpenez osatutako saskia tokatuko zaizu, hilean behin egingo duten zozketan.
Egon, jarri eta ikus/entzun ARGIAren bideopodcast berria!