Atzera begira aurrera egiteko

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Euskal prentsan 1869tik 2000. urtera bitartean argitaratu diren kronika gogoangarriak bildu ditu Koldo Izagirrek ARGIArekin kaleratu berri duen liburuan. Zaldi bat ihes garrezko zelaian, hala du izenburu. Asko ezagutzen ez ditugun kronikarietatik luma ezagunetaraino, urtetan artxibategietako ilunpean egon den testu eder mordoxka bat berreskuratu digu egileak.

Beste herri eta kultura askotan beren kazetaritza lan fundazionalez gozatzeko aukera duten bezala, euskaldunok ere material hau eskura izango dugu aurrerantzean, egin gabe genuen lan hau Izagirrek eta ARGIAk beren gain hartzeari esker.

Badira ia hamabost urte ideia euskarri fisikora ekartzeko asmoa piztu zela. ARGIAk bere 90. urteurrena zuen ospatzen, 2009 korapilatsu hartan mendea betetzera helduko ez zenaren beldur, unea gozatu eta kandelak piztu genituen; baina 104ak ere egin behar izan ditu bilduma osatzeko. Kronika hauetan aurkituko ditugu atzerriak eta aberriak, gerrak eta kartzelak, elurrak eta itsaso zakarrak, bidaiak eta erromeriak… Nekez irakur zitezkeen lekuetatik atera, galbahean mimoz astindu eta liburuan bildu ditu Izagirrek.

Ez du edozein prentsa-genero hautatu egileak. Kronika. Oso estimuan ez dagoena sarri, uneko umorea ondoen kontatzen dakiena baina. Euskal prentsaren historiaren beste zati bat dugu jasoa, baita euskal historiaren beste kontakizun, bizipen eta giroen adierazle ere. Gorka Bereziartua Mitxelenak hitzaurrean dio: “Gauzak mugitzen hasten diren garaietarako literatura da kronika. (…) Gerora ere, bolada batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, kronika beti berragertzen da (…). Bizitzaren martxari egokien lotzen zaion kontamoldea delako, beharbada. Lekuko izan denaren hizkera darabilelako, noski; aldi berean jaso dezakeelako datu hotza eta momentuko emozioen usaina”.

Liburuaren aurkezpena

Apirilaren 26an izango da ARGIAk eta Koldo Izagirrek elkarlanean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta argitaratu den Zaldi bat ihes garrezko zelaian liburuaren aurkezpena Donostiako Udal Liburutegian (Udaletxe zaharrean), eguerdiko 12:00etan, eta Izagirre bera izango da ekitaldiaren gidari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA