Ondo informatuta egoteko buletina

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Interneten egunkari digital bat izatera iritsi da ARGIA. Mende laurden batean ‘Euskal Kulturaren Haria’ izenez kultur albisteen errepaso bat egitetik egunerokoaren jarraipena egiten duen ataria izatera heldu da Argia.eus. Aldaketak nabariak dira eta horien isla dira egunero milaka pertsonari bidaltzen zaien buletina.

Egunean gertatutakoaren bilduma soila baino gehiago da ordea. ARGIAko erredakzioan ahalegin handia egiten dute etxean eta munduan gertatzen diren kontuei fokua jarri eta testuingurua ulertzeko moduko edukiak eskaintzeko: hurrengo egunean gertatuko direnak, aurrera begirakoak, analisi kutsua dutenak, CC BY-SA lizentzia libreari esker zabaldu daitezkeenak, azken ordukoak… Horretarako biltzen dira, adibidez, goizero-goizero egun horretan webgunearen martxa eraman behar duten kazetariak (albisteak idatzi behar dituztenak, miaketa lanetan aritzen direnak eta editoreak).

Buletina astelehenetik ostiralera bidaltzen da, eta askotan hogei albistetik gora joan izan dira. Normalean arratsalde edo gau partean iristen da emailera, baina gertaera garrantzitsuren bat baldin badago buletin bereziak ere bidali izan dira noiz edo noiz.

Eguneko buletinez gain, badira posta elektronikoz astekaria PDFan jasotzen dutenak, eta Bizi Baratzea buletina jasotzen dutenak ere bai. Denera 10.000tik gora lagunengana iristen da ARGIA modu horretan.

Hedabide guztietan zaintzen da asko informazioaren aukeraketa. Denek hautatzen dute zer informazio nahi duten zabaldu (eta zer ez). Baina bakoitzaren filtroak zein diren, hori da aldea.

Buletina teknologia burujabetzan aurrera egiteko tresna oso garrantzitsua bilakatu da ARGIArentzat. Horren bidez, harreman zuzena dauka irakurlearekin, Twitter, Facebook eta antzeko erraldoiak tartean sartu gabe.

Janari prestatua bezalaxe iristen zaigu gaur egun ia informazioa. Dirudi ahaztu zaigula produktuak erostera joandakoan azokan postu batetik bestera pasatzen, onenak zein diren –edo gehien gustatzen zaizkigunak, behintzat– gure kabuz aukeratu, sukaldean egin eta irentsitakoan gure ondorioak ateratzen. Dena nahi dugu prest, fast information, murtxikatuta eta digerituta bada, hobe. ARGIAk azokako lehen buelta egiten du, bere galbahea pasa, erostekoak iruditzen zaizkionak bildu eta eguneko eskaintza osoaren barruan hautaketa eginda buletinetan bidaltzen du. Baina murtxikatzea, digeritzea eta ondorioak ateratzea norberaren esku.
Oraindik ez bazara buletinera harpidetu: argia.eus/buletinak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA