Señorek ere badute podcasta

argia
0
Haizea Arana, Aner Peritz, Leire Vargas eta Oihana Arana dira saio berriaren gidari. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia ARGIAko BTN saioaren bidez jarraitu zuenetakoa zara? Egile eta sortzaile berberen eskutik datorkigu eskaintza berria: Señora sariketa. Argia.eus atarian, hiru ostegunez, Haizea Arana, Oihana Arana, Leire Vargas eta Aner Peritzen ahots-gorputzetatik, bideo-podcast berria izango dugu. Lehen saioa dagoeneko ikusgai.

Emakumezko bertsolariak saretzea eta azpiratutako genero identitateak bistaratzea helburu duen sariketa da, herri antolakuntzatik sortua orain hiru urte. Bai bertsolari munduaren barruko sektore feministak, bai kanpoko sektore bertsozale feministak, biek ala biek bultzatuta. Bertsolaritza ere ez baita bekatutik libre, emakumeentzako eta sexu-genero disidenteentzako espazio seguru eta erosoak topatzeko helburuarekin sortua izan zen, batez ere txapelketek duten pisuari begira, plaza konbentzionalean bazterrean geratzen direnei erdigunean lekua egin asmoz.

Transfeminismotik antolatzen, “zalantzetatik abiatzen den sariketa da, baina justu kontraesan horiek baliatu nahi ditugu bidea egiteko” dio Leire Vargasek, ARGIAko bideo-podcasteko egile eta Señora sariketako antolakuntza lanetan ari denak. “Ez da sariketa zurruna, aldaketa, garapena ditu oinarri, zalantza eta kontraesan horietan sakonduz baitoa sariketa bera forma hartzen”, jarraitu du. Epaileek, esaterako, teknikari dagokion balorazio ohikoaz gain, diskurtsoari ere ematen diote garrantzia, besteak beste, eta aurten epailetza kualitatibo eta asanblearioarekin egingo dute saiakera lehenengoz.

III. Señora sariketa

Hamalau bertsolari ariko dira hirugarren edizio honetan kantuan. Bilbon eman zitzaion hasiera, maiatzaren 6an, lehen finalaurrekoa jokatzeko. Bigarrena maiatzaren 13an, Erratzun.
Oñatin, maiatzaren 27an ospatuko den finalera, kanporaketa bakoitzetik hiru bertsolari igarotzen dira: epaileek erabakitako bi, eta hirugarren bat, kantuan aritutako bertsolariek berek bozkatutakoa.

Bideo-podcasteko lau lagunek gertukoa dute Señora sariketa. Bertso Txapelketa Nagusia egonkortutako instituzioa den bezala, haren pare jarri nahi dute Señora sariketa eta Argia.eus-en formatu berdineko jarraipen-saio bat egitea horretarako aukera egokia ikusi dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA