Bota kartak eta otuko zaizu zerbait!

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Horrela amaitzen da ARGIAk sortu berri duen OTU karta-jokoko azalpena; baina jolasaren hasiera ere izan liteke, dibertsioa hasteko sarrera. Modalitate asko egon litezke, irekia da jolasteko modua, baldintza bakarra irudimena izango da. Aurrean dituzun kartekin, bakarka edo taldean, ze istorio sortzeko gai izango gara?

Ez daukat jolas honen sorrera azaltzeko pasadizo epikoegirik egia esan, irakurle. Ez dago ideia honetara heltzeko aurretiazko izugarrizko pausorik. Azoka taldearen bilera batean otu zitzaien –barkatu txiste erraza–, aspaldian kontzeptua bera pixka bat modatik pasata ez ote dagoen pentsatzen hasia naizen brainstorming antzeko batean-edo. Otu eta egin –otu eta egin horren atzean dagoen prozesu guztiaren elipsia eginda, noski; alegia proiektua garatu, zehaztu, bideragarritasuna aztertu, diseinua egin…–.

Metalezko kutxatxoan 70 karta, irudi banarekin. Horixe da ARGIAk sortu duena. Horixe, irudimenari sormenerako aukera emanez gero, mundu zabala irekiko digun materiala. Ez gehiago. Banaka jolas gintezke, egoki iruditzen zaizkigun karta kopurua hartu, buruz gora jarri eta tokatutako marrazkiak oinarri hartuta ipuin edo istorio bat sortu. Familian edo lagunartean aritzeko ere mahai-joko polita da eta hemen ere aukerak asko. Txandaka denon artean osatu daiteke pasadizoa: adibidez, bakoitzak karta bat hartu eta karta horrekin aurrekoaren istorioari segida eman dakioke, edo aurrez bakoitzari karta kopuru jakin bat banatu eta norberaren txanda denean eskuan dituen irudien artean egokiena aukeratu daiteke, istorioa harilkatuz. Irudi berak baliatuta, bakoitzak istorio ezberdinak kontatzea izan daiteke erronka, txandaka; edo pertsona berak karta berdinekin bi kontakizun desberdin egitea.

Asmatze ariketa horri begiratzen badiogu, txikienak ere –gaitasunaren arabera laguntzarekin edo laguntzarik gabe– izan daitezke istorio sortzaile. Edo egin dezakegu beste ariketa polit bat: haurra entzule paperean jarri eta zaharragoek asmatutako ipuina berari kontatzea.

Burua eta mihia astintzea da helburua, irudimenaren, sorkuntzaren, hizkuntzaren eta ahozkotasunaren bidez disfrutatzeko eta gozatzeko jolasa baita. Ez dago erantzun egokien fitxarik, ez dago erantzun benetako eta bakarrik. Erantzun guztiek balio dezakete sormen pixka bat erabiliz gero.

Udako oporretan probatzeko aukera ederra duzue –ARGIAren webguneko Azokan dago jadanik eskuragai–. Utzi eskuartean duzuena eta elkarren ondoan egotetik elkarrekin egotera pasa. Atera une batez barruan duzun ipuin-kontalaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA