Ezagutzen ez ditugun bizilagunak

argia
0
Txantxikuari buruzko artikuluak emango dio hasiera ‘A ze fauna!’ sailari. Argazkiak: Iñaki Mezquita-Iñaki Sanz-Azkue.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Egin dezagun ariketa bat, irakurle. Hartu minutu bat eta pentsa ditzagun hamabost animalia. Pasa da minutua. Ea, zenbat dira Euskal Herrikoak eta zenbat urrutiko ekosistemetakoak? Buru askotan egongo dira lehoia, elefantea, jirafa, tigrea, tximinoa… Inguruan bizi ditugun lagunen ezezagutzaren sintoma argia. Bai, ziur txakurra, katua, oiloa, astoa, eta abar zuetako askori otu zaizkiola, baina animalia askoz inguratuta gaude eta hor daudenik ere ez dakigu sarri. Ornodun zein ornogabe, Euskal Herriko animaliak ezagutzeko txoko berria izango dugu datorren astetik aurrera aldizkari honetako Bizi Baratzea atalaren barruan: A ze fauna!
Astero, “espezie konkretu bati buruzko informazioa emango da modu irakurterrazean, baina zorroztasun zientifikoa galdu gabe eta animalia hobeto ezagutzeko bitxikeriak txertatuz”, azaldu digu Iñaki Sanz-Azkue Aranzadi Zientzia Elkarteko biologoak. Berak anfibio eta narrastiei buruz idatziko du. Elkarte bereko beste egile kualifikatu hauek osatuko dute saila: Iñaki Mezquita (lehorreko ornogabeez), Nagore Zaldua (itsasoko ornogabeez), Eneko Batxiller (itsasoko arrainez), Nerea Pagaldai (hegaztiez) eta Egoitz Alkorta (ugaztunez).

Arruntenak gutxien ezagutzen ditugunak

“ARGIAn biodibertsitatearen gaian interesa zutela-eta heldu zitzaigun atal berri hau sortzeko proposamena. Gure ingurua ezagutzera emateko asmoarekin, guk animalia arruntenetan zentratu nahi izan dugu. Arrunt hitzarekin nahastu egiten baikara. Halako gutxiespen bat bezala ematen diegu, baina kuriosoa da, gero ez baititugu bertako espezie arruntenak ezagutzen”, Sanz-Azkueren hitzak.
Gizartean naturarekiko dagoen ezagutza gutxitu egin da eta horri tiraka, dibulgazioan eta hezkuntzan jarri beharreko indarrean ezartzen du fokua biologoak. “Ez soilik umeengan zentratuta; helduek beraiek jaso behar dute informazioa, eta haiek izan daitezke etxean, lagunartean edota beste edozein testuingurutan informazio hori transmitituko dutenak”, zehaztu du. Baina egungo egoera zein den argi jakiteko ikerketaren garrantziaz ere hitz egin digu eta baita horretara bideratutako inbertsio handiagoaren beharraz ere.
Nazioarteko ikertzaileak behin eta berriz ari zaizkigu esaten klima larrialdia bezain garrantzitsua dela biodibertsitatearen galera. Gizaki ekodependenteak garen aldetik, ezinbestekoa da ulertzea inguratzen gaituen horren beharra dugula bizitzeko eta, helburu horrekin dator atal berri hau. Ezagutzen ez dena ezin baita maitatu eta estimatzen ez dena ezin zaindu…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA