[Itsaso Zubiria Etxeberria] Irakurtzen hasi nintzen garaiko oroitzapenak baditut. Aste honetantxe berritu dut kontua lagun batekin, herriko liburutegian haur baten ahotsa silabaz silaba hitzak josten, astiro-astiro, entzun dudanean. “Oso garbi gogoratzen naiz momentu horietaz, mundu bat deskubritu nuen; oroitzen naiz bazter guztietan topatzen nituela hitzak eta horiek irakurtzea lortzeak izugarrizko zirrara pizten zidan”, esan nion. Bizitzako etapa eder bezain garrantzitsua. Eta justu hor, une horretan dauden haurrekin egiteko tailerrak antolatuko dituzte Hizki Pizti karta-jolasa erreminta modura hartuta. Jolas pedagogikoak, etxeko txikienei irakurtze- eta idazte-prozesuaren lehen pausoetan laguntzeaz gain, Euskal Herriko animaliak ezagutzeko aukera eskainiko dizu.
Durangoko Azokaren Saguganbara gunean eskainitako hitzaldi-aurkezpenaren ondorio dela esan genezake, nahiz eta jolasa sortzen hasi zirenerako tailerrak eskaintzearen aukera mahai gainean izan. Forma eman gabe zuten oraindik, abendu hasieran kartak aurkeztu zituztenean, baina “Durangon haurren zein helduen partetik jasotako erreakzio eta erantzunak bultzatuta eta bertaratutako batzuen eskaera zehatzak aintzat hartuta, ikusi genuen garbi, egin behar genuela”, azpimarratu dute sortzaileek.
Material pedagogiko hori egiteaz arduratu dira Eñaut Aiartzaguena, Amaia Egidazu, Iñaki Sanz-Azkue eta Lore Erriondo, eta Egidazu izango da saioen dinamizatzaile. Mahai-jokoan eskaintzen diren jolasak baliatu nahi dituzte irakurketa- eta idazketa-prozesuan murgilduta dabiltzan haurrekin, gurasoekin eta hezitzaileekin tailerrok bideratzeko. Era berean, jolasak Euskal Herriko animalia espezieak ezagutzeko aukera emango du, eta baita ahozkotasuna lantzeko ere. Modu ireki eta ludikoan jardun ahal izango dute tailerrera bildutakoek eta bakoitzak dakiena partekatzeko aukera ona izango da.
Nori zuzenduta?
Hiru aukera daude: batetik, soilik haurrentzako tailerra; bigarrenik, familientzakoa; eta azkena, ikastetxeentzako eskaintza. Tailer guztietan karta-jolasa izango da oinarria, baina hiruretatik aukeratzen denaren arabera, desberdin landuko dira aurrez aipatu ditugun gaiak, hala nola, ahozkotasuna, animalien ezagutza…
Tailerra antolatzekotan bazabiltza
Posta elektronikoz solasaldiak@argia.eus helbidera idatzi eta jar zaitez lantaldearekin harremanetan.