Umorearen funanbulistak

argia
0
Beranduegi podcasta egiten duen kuadrilla. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA
Beranduegi podcasta egiten duen kuadrilla. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Sekula ez da beranduegi podcast bat entzuteko. Umore pixka baterako beti utzi beharko genuke egunean tartetxo bat, jatetxe batera joan eta gozoari uzten dioguna adinakoa, gutxienez. Bi astean behin ordubeteko dosia eskaintzen digu Beranduegi saioak ARGIAn. Beste hamahiru egunak bete egin behar, baina ostiral batek berez ere izaten ohi duen katxondeo puntuari azken ukitua emateko ezin hobea da Kevin, Torner, Izar eta Axiren berriketaldi ironikoa.

Zu ere jar zaitezke etxeko sofan –edo balkoian, zorte pixka bat baduzu– garagardo fresko bat eskuan, eta elkarrizketan murgildu. Hala daudela baitirudi, taberna-giroan, lau lagun, honetaz eta hartaz isildu gabe, konfiantzazko eremuan botatzen diren astakeria, txiste eta gai serioez mintzatzeko plantak eginez. Ahaztuta, 1.000-1.500 entzule inguru dituztela uhinetan. Inprobisazioa maite dute: “Bakoitzak eramaten ditu buruan ideia batzuk –batzuetan, ez beti, beste batzuetan ezer pentsatu gabe ere joaten baikara–, baina sekula ez dugu izaten gidoirik eta posible da saio batean zuk buruan eramandako gai batek saioaren zentralitatea hartu eta ordu erdiz horretaz aritzea, eta hurrengoan zuk eramandako gaiak ukitu ere egin gabe etxera bueltan eramatea”, azaldu du Kevinek.

Zarauzko gaztetxea dute platoa. Lagunarteko giro horretan aritzeak baditu bere abantailak, benetakotasuna ematen baitio saioari, “baina hanka-sartzeak ere egin izan ditugu, esan nahi ez genituenak errazago esatea baitakar konfiantza-eremuak” aitortu digu Izarrek. “Akatsak onartzen ikasi dut, ez baitauka atzera bueltarik”, esan du. “Espontaneitate horrek badu bere xarma, ordea, bertute bat dela uste dut edo indargune bat, nahiz eta tartean akatsak egin”, gehitu du Kevinek.

Politikoki zuzenaren eta ez zuzenaren mugan dabiltzan funanbulistek badituzte podcast erreferente batzuk. Kevinek, umore edo eredu bezala, “zalantzarik gabe jada grabatzen ez den Hankak Lurrin irratsaioa” aipatu digu, baita La linterna de Diógenes ere. Izarrek, bestalde, Bertikala, BTN, Zarramarra, Zozoak Beleari eta Deforme Semanal aipatu dizkigu. Akaso Beranduegi-ko entzuleari interesatuko zaizkio, eguneko umore dosia betetzeko. Bitartean, gogoratu, bi ostiralean behin, ARGIAren podcastetan saio berri bat izango duzu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA