[Itsaso Zubiria Etxeberria] Urteroko zita bihurtzen den zerbait antolatu duen askok sentituko du handitzearen bertigoa. Txikitik eragitea helburu dutenek behintzat bai, edo txikian aritzen ohitutakoek. Formatu txikian ondo atera denak, normalean, gertukoa izateagatik du arrakasta, familia girokoa, mimoz egina… Eta handitzeak hori dena arriskuan jartzen du. Nola mantendu izaera goxo hori ekitaldia handitzen doan bitartean? Ba al dago horren orekarik? Ze helbururekin handitzen dugu, zer irabazi eta galtzeko? Bosgarren edizioa du Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak eta hasiak dira gai hauetaz hizketan.
Ekainaren 1ean, larunbatarekin, egingo da ARGIAk eta Baltsan Elkarteak elkarlanean antolatzen duten azoka. Ziburuko azoka Doinuele Euskal Herriko euskarazko liburu eta disko azoken sarean dago, eta jada, sare horretako bi antolatzailek, urte honetan, bi azoka eginak dituzte, bata Baztanen, eta bestea, Azkoitian. Ziburukora itzulita, urtez urte egiten du gora bai argitaletxeen presentziak, baita Ziburuko plaza betetzen duen jende kopuruak ere, eta berrikuntza txikiak egiten dira edizio batetik bestera. Hala azaldu digute antolatzaileek: “Balorazioa egiterakoan argi zen, tipitik hasi zena garatuz joan da eta handitu ahala tipi gelditu, denboraz eta eremuz! Nola egin Azokari hedadura gehiago emateko aldi berean bere neurria atxikita, bere hurbiltasun eta gozotasuna zainduta?”. Aldi berean, badute beste gogoeta bat ere, eta da: Azoka Ziburun egiten bada ere, inguruko herrietako euskaltzaleen bilgunea da, beraz, nola itzuli auzo herri hauei Azoka egunari ekartzen diotena? Horren bueltan dator aurten Azokaldia.
Motorrak berotzen
Maiatza osoa hartuko du Azokaldiak. Dena egun berean kontzentratu beharrean, azoka aurreko asteetan inguruko herrietan animazio eta ekitaldiak antolatu dituzte, “horrela euskaraz bizi nahi dutenei eta euskarazko literaturaz eta kulturaz gozatu, parada bat gehiago eta hurbilagoa eskaini nahi diegu, arnasgune bat gehiago”, azaldu dute antolatzaileek. Gainera, aitzakia horrekin inguruko herrietan euskaraz bizitzen ari diren talde eta elkarteekin saretzeko balio die.
Lau hitzordu izango dira: Ziburun bertan, maiatzaren 2an Baltsan elkartean, 19:00etan, Mirande, film bat egiteko zirriborroa, Josu Martinezen dokumental emanaldia; maiatzaren 7an Azkaineko Bil Tokin, 19:00etan, Antzerkiaren labirintoan, Ander Lipusen liburu aurkezpena; maiatzaren 17an Urruñako Berttolin, 19:00etan, Ipuina engainua da, Iban Zaldua eta MICEren irakurraldi musikatua; eta maiatzaren 23an Donibane Lohizuneko Mediatekan, 19:00etan, Lapurdi itsas hegiko euskara, Maitena Duhalderen tesiaren aurkezpen-hitzaldia.