[Itsaso Zubiria Etxeberria] Chanel edo Versace baino merkeagoa seguru, ekologikoagoa ere ziur, aurtengo udaberri-udako moda markatuko du ARGIAk. Tendentzia izango diren koloreak aukeratu dituzte diseinatzaileek, late tonuak. Gordin naturala eta kafesne kolorea, alegia. Brontzeatutako beso-bisaientzat esker onekoak izango zaizkigunak. Ione Larragoren ilustrazioa duen bilduma aurkeztu berri dute; bi kamiseta eta aldarri bakarra: Lurra Herriari Deika.
Maiatzaren 11n ospatutako Udaberriko Lurra Taupaka festa aprobetxatu dute arropa berriak erakusteko. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak Amillubi proiektuaren baitan Iraetako (Zestoa, Gipuzkoa) Amilibia baserrian egindako ospakizunean. Amillubitar da ARGIA ere, proiektuarekin bat egiten du eta komunikazio lantaldean eragile modura ari da parte hartzen, elikadura burujabetzaren eta lurra babestearen alde.
Lehenagotik datorren elkarlana
Lurra Herriari Deika ekimena da Biolurrek eta ARGIAk elkarlanean aritzeko sortutako leloa. 2020an du jatorria proiektuak, konfinamendu garaian baratzera edo azokara joateko jarritako debekuen gainetik piztu zen su txiki hartan. Orduan hasi ziren agroekologia mugimenduan zebiltzan zenbait eragile batzeko saiakerak eta hor du sorburu gerora Lurra Herriari Deika izendatuko zutenak. “Nekazaritza guztia ez da berdina”, azaldu zigun duela lau urte Mirene Begiristain taldeko kideak eta hala jarraitu: “Genero harremanak lantzen ditugu, baserritarren burujabetza dakarten produkzio moduak (makinariekiko, pestizidekiko, petrolioarekiko menpekotasuna moztea bilatuz), langileen eskubideak (migratzaileen egoera nekazaritzan ez dadin esplotazioa izan), ingurumenarekiko errespetuzkoa izatea… Balio izan digu eztabaida hauek ere jendarteratzeko, mahai gainean jartzeko ze nekazaritza eredu bultzatu eta egin nahi dugun”. Horretan dihardute eta Amillubi pauso bat gehiago da. ARGIAk ere bere alea jarri nahi du bide honetan eta sinetsita segiko du lanean.
Hirugarren diseinua da Lurra Herriari Deika lemarekin egindako kamiseta berri hauena. Ione Larrago ilustratzailea Biolur martxan jarri zuten lauzpabost familietako bateko alaba da eta ondo baino hobeto islatu du aldarria. Kamiseta eskuratu nahi duenak baditu aukerak: ARGIAren azokan, Amillubi proiektuaren herriz herriko aurkezpenetan edo azoketako Biolur kideen mahaietan. 22 euro ordainduta, egin bat Amillubi eta ARGIA proiektuekin.
1 Iruzkin
[…] Jarraitu irakurtzen ARGIAn. […]