Papereko gurutzegramak baino ezer hoberik?

argia
0
Ana Zambrano bere bulegoan. Argazkia berak utzia da.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Oso umetatik oroitzen dut nire burua camping-eko mahaian eserita udan argitaratzen ziren –edo guk udan erosten genituen– ariketa-liburuak aurrean. Gozatzen letra-zopekin, labirintoekin… Ondo gogoan dudan bezala, pixka bat zaharragoa nintzela sukaldean nola ahalegintzen nintzen ARGIAko denbora-pasak egiten, amari gurutzegramak proposatutako definizioa irakurri eta pistak eskatzen. Oso denbora-pasa zalea izan naiz umetatik eta jarraitzen dut izaten. Tartea dudanean papereko autodefinitu eta gurutzegramak egiten gozatzen dut.

Ez dakit zein urtetan egingo zioten lekua ARGIA aldizkarian denbora-pasen orrialdeari, baina nire gogoan, betidanik. Ana Zambrano da 2007az geroztik orrialde honen egilea eta kuriositate handiarekin galdetu diot bere lanaz. “Eguneroko lanak aldez aurreko prestakuntza du: gaiak pentsatu, jolasak diseinatu, pertsonaiak proposatu, irudiak bilatu… Ondoren, jolasak egiten ditut, eta, azkenik, orrialdeetan sartzen ditut. Arrazoiren batengatik aukeratzen duzun hitz batekin hasten da, eta hortik aurrera soluzioaren laukia osatzen joaten zara gainerako hitzen bila. Behin hori eginda, eta delikatuena, definizioen txanda da. Urteen poderioz datu-basea sortu dut denbora aurrezteko, baina beti da polita definizio berriak sartzea, gaurkotasuneko gaietara egokitzea…”, azaldu digu.

Zambrano bera ere oso denbora-pasa zalea, Gara egunkarian hasi zen 2001ean. Gurean sei urte geroago ekin zion asteroko lanari, baina aurretik Badakit mahai-jokoa eta denbora-pasen aldizkari monografiko batzuk sortzeko lanetan aritu zen. “Hasi nintzenean, lanaren zati handi bat eskuz egiten nuen, arkatza eta papera hartu eta hainbat hiztegi alboan. Orain, ordenagailua da nire aliatu nagusia, prozesua asko errazten du, baina jokoak pentsatu eta diseinatzeak bere horretan jarraitzen du”, esan digu.

Publiko heldua
Gurutzegramak edo sudokuak paperean egiten dituen jende asko adineko jendea direla ulertzen du Zambranok: “Gazteek egunkaria paperean irakurtzeko ohitura ez duten hein berean, denbora-pasak ere ez ditu euskarri horretan egiten”, azpimarratu du. Adineko pertsonentzat “beti egin duten zerbait” dela diosku, baina denak ez dira profil berekoak eta inguruan badu papereko denbora-pasen zalea den gazterik.

Ni, behintzat, jarraitzaile sutsua nau.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA