[Onintza Irureta Azkune] Itsaso Zubiria Etxeberriak esan dit aurten udako oporrak luzeagoak egingo dituela, eta aste batzuk lehenago Komunitatea atalean idazteari utzi dio. Uda ondoren itzuliko dela hitz eman dit. Bada, besterik ezean, Onintza Irureta Azkuneren artikuluxkekin konformatu beharko duzue.
Eneritz Arzallus eta Manex Moreno ikus-entzunezko kontuetan aritzen diren lankideekin egon naiz berriketan eta ekainaren 29rako daukaten plana kontatu didate. EHZ (Euskal Herria Zuzenean) musika jaialdira doaz asteburu pasa, musikaz gozatzera eta neurriko parranda egitera, nola ez; baina baita ere BTN podcasta grabatzera. Behin baino ez da atera ARGIAko platotik BTN saioa, hain zuzen ere, ekainaren 1ean Ziburuko Liburu eta Disko Azokan izan ziren ARGIAko kamerak. Haizea Aranak eta Oihana Aranak Yolanda Arrieta eta Bea Salaberri idazleak elkarrizketatu zituzten. Oraingoan aurkezle hirukotea arituko da Arberatze-Zilhekoa (Nafarroa Beherea) herriko platoan, alegia, Aner Euzkitze ez da faltako. Bi gonbidatu berezik hartuko dute parte ordubeteko saioan, baina lerro hauek irakurrita behintzat ez duzue jakingo nortzuk diren, Arzallusek argi eta garbi esan baitigu sekretua dela. Arzallusek azaldu digu EHZ garrantzitsua dela ARGIArentzat eta musika jaialdiaren erdigunean egon nahi dutela: “Saltsa dagoen tokian egon nahi dugu, han sortzen den giroa transmititu nahi dugu”.
Beraz, bigarren aldiz BTN etxetik kanpo arituko da, eta lehenengo aldiz Kanaldude herri telebistarekin elkarlanean. Aldude herrian sortu eta gaur egun egoitza Bidarrain duen telebista da Kanaldude, Aldudarrak Bideo kooperatibak 1997an sortutako proiektua. ARGIAkoak eta Kanaldudekoak elkarrekin arituko dira BTNren grabazioan, eta aurrera begira ere, elkarlanak egiteko asmoa dute biek, proiektu zehatzez oraindik hizketan hasi ez badira ere.
Podcasta ekainaren 29an grabatuko dute, 12:00etan, eta uztailaren 2an, 20:00etatik aurrera ikusi ahal izango da ARGIAn eta Kanalduden. Uda aurreko azken saioa izango da eta BTNzaleek irailera arte itxaron beharko dute hurrengoak ikusteko. Orain arte bezala bi astean behin, umorea lagun, gonbidatuak xaxatzen arituko dira Haizea Arana, Oihana Arana eta Aner Euzkitze.