Genozidio baten jarraipena argia.eus-en

argia
0

[Onintza Irureta Azkune] Egun batean Jon Hidalgo Gereñuk ARGIAko dei bat jaso zuen, eta lagun zuen kazetari batek hauxe galdetu zion erdi serio erdi txantxetan: “Zenbateko estimua diozu zure bizitzari?”. Izan ere, Askatasunaren Ontzidian Turkiatik abiatuta Palestina helburu itsasoratzea proposatu zion, eta ARGIArentzat kronikak idaztea. Ezin izan zuen joan. Handik egun batzuetara beste dei bat jaso zuen Lasarte-Oriatik, galdetzeko ea egunero Palestinako genozidioaz idatziko al zuen argia.eus-en. Baietz erantzun zion: “Gaian banuen interesa eta ari nintzen jarraitzen, haserre handiz”. Maiatzaren 3an egin zuen lehenengo informazio-alea, eta gaur arte.

Informatzearen arriskuak
Eguneroko lanerako bere informazio iturriak antolatuta dauzka. Zenbait sare sozial begiratzen ditu, Telegrameko pare bat kanaletan sartuta dago, eta bestelako hainbat tokitan ere bai, zeinen bidez informazio piloa jasotzen duen; nazioarteko hedabideak ere bai, batez ere Al Jazeera. Informazioa bilatzea erraza zaio, beste kontu bat da jasotakoaren egiazkotasunaz ziur egotea: “Gauzak baieztatu behar dira, begiratu behar dut zein mediok esan duen, askotan informazioa Israeletik edo hedabide yankietatik dator. Horiez ezin naiz fidatu, eta hainbat hedabidetan bilatu eta albisteak kontrastatu behar ditut. Zalantzak izaten ditut nola eman egiazko informazioa, kontu pixka batekin ibili behar dut ez emateko inork zabaldu nahi izan dituen gezur interesatuak”.

Horren adibide “Israelek ‘zehaztasun handiz’ ezagutzen zuen Hamasen u7-ko plana, Kan irrati publikoak informatu duenez” albistea egiteagatik irakurle batek egin zion kritika. “Israelgo inteligentzia zerbitzuen txostena zen Israelgo irrati publiko batek atera zuena. Hor ikusten da interesa dutela erresistentzia palestinarraren ekintza gertatzen uzteko, etekin politikoa ateratzen diote, genozidioa justifikatzen dute horrela. Alabaina, hedabide sionista batek atera zuen, hark zein interes dituen edo haien arteko botere borrokan erabiltzeko atera duten… zalantzak sortu zizkidan. Hala ere, iruditu zitzaidan guri interesatzen zitzaigula bere horretan jakitea”. Edonola ere, kritika onak jaso ditu oro har, esan diote ondo ari dela lanean.

Genozidioa ez normalizatu
Maiatzaren 3an hasita, Palestinako genozidioaren jarraipena egitea oso gogorra egiten ari zaio: “Albiste gutxi batzuk idazten ditut, baina irudi gogorrak milaka ikusi ditut. Hildako umeak ikusteaz nago…”. Egunero ari da ikusten hildakoak, bonbardaketak, eta sarraskiak. Gaza suntsitu dutela dio: eraikinak, ospitaleak, ur edangarririk ez… Sarraski betean gaurkotasuna eta interesa daukana nola bilatu ibiltzen da Hidalgo. Bere ustez, ARGIAko irakurle gehienek imajinatzen dituzte han gertatzen diren gauza gehienak: “Tristeki, hiru palestinar hil dituztela, beste bost, beste sei… jada ez da notizia. Saiatzen naiz bilatzen bestelako albisteak eta ikuspegiak, zeren egunero egin nezake albistea zenbat akabatu dituzten esateko, zenbat etxe suntsitu dituzten esateko… baina hori Gazan normala bihurtu da”.

Normalizatu ez dezagun, Hidalgok jarraituko du genozidioaz informatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA