Oraingoan kamiseta zuria

argia
0
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC SS-BY
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC SS-BY

[Onintza Irureta Azkune] Sinestea kostatzen ari bazaigu ere uda da, mahuka motzak janzteko garaia. Agian izango duzu kamiseta grisa, edo urdina, edo beharbada ez. Kontua da atera dugula Inor ez da ilegala kamiseta berria, oraingoan Vingage zuri kolorekoa, Euskal Herriko txoko guztietan orain arte gozatu ahal izan dugun eguzkiperako pare-parean datorren kolorea. Aurreko kamisetak bezala, berri hauek ere ebakera estukoak eta zabalekoak dira. 17 eurotan salduko ditu ARGIAk azoka.argia.eus helbidean, eta nola ez, proiektu honen beste hanka den Mbolo Moye Doole elkarteak ere salduko ditu. Erositako kamiseta bakoitzeko Mbolo elkarteari 2 euroko ekarpena egingo zaio.

2018an abiatu genuen proiektua
Sei urtean, Inor ez da ilegala proiektuak lau haizetara zabaldu ditu migratzaileen eskubideen aldeko lelodun kamiseta, jertse eta poltsak; elkarlana eta elkartasuna oinarri ditu ekimenak.

2018an du abiapuntua egitasmoak. Bilboko kale-saltzaile senegaldarren Mbolo Moye Doole ehun bat kideko elkartera jo zuen ARGIAk, artikulu baten harira. Paperik gabeko mantero izateari utzi eta kale-saltzaile legal bihurtzeko urratsak emanak zituzten horietako askok, baina arrazakeria eta xenofobia instituzionala jasan behar izan zuten. Injustizia haren berri emateko gerturatu eta harreman baten hasiera izan zen: ARGIA eta Mboloren artekoa. Elkarrekin zerbait egiteko gogoa piztu zen, eta beharra, elkarren proiektuak indartzeko, injustizia hizki larriz bistaratzeko. Horrela jaio ziren kamiseta grisak, aldarria ardatz: Inor ez da ilegala euskaraz, Amul been nit ku leegalul wolofez.

Ekarpen ekonomikoa “egoera latzetarako” eta egitasmo berrietarako
Kale-saltzaileak eurak joan dira erabakitzen Mbolora bideratutako dirua nola kudeatu. Hasieran, kooperatiba sortzeko gorde zuten dirua, baina traba trabaren atzetik bertan behera geratu zen ideia, eta gainera pandemiak bete-betean kaltetu zituen, ordura arte lortutako dirua erresistentzia kutxa sortzeko baliatu zuten: “Ezin kalera atera, ezin ezer saldu, gure inguruko familia asko premia larrian geratu ziren eta pentsatu genuen dirua baliatzea egoera gogorrenean zeudenei laguntzeko”, azaldu du Bouba Diouf elkarteko kideak. Erresistentzia kutxak pandemia garaian zuen funtzioa mantentzen duela kontatu du senegaldar bilbotarrak: “Oraindik ere egoera latza da, jende gero eta gehiago dator, eta askok laguntza behar du, ez bakarrik etorri berriek, batzuetan hemen daudenek ere, laguntzarik ez badute, oso zaila dute, eta horiei guztiei laguntzeko erabiltzen dugu proiektuko dirua”. Dena den, kopuru bat gordetzen doazela nabarmendu du, “bolada gogorragoetarako hor egongo da”, eta egitasmoren bat edo beste badute buruan bueltaka.

Akordatzerako iritsiko da udazkena, mahuka motzetan ibiliz gero besoetako ileak tente jartzen diren garaia; bada, ARGIAko kideak ari dira pentsatzen hurrengo jertsea nolakoa izango den: txanoarekin, txanorik gabe, kolore ilunekoa, argia…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA