[Onintza Irureta Azkune] Badator aldizkari mardultxoa, alegia, urteroko Gakoak. Abuztuan astekariak atseden hartzen du, baina ARGIAzaleek, basoko gerizpean edo hondartzako eguzkipean, irakurri gosez jarraitzen dutela jakinda, ehun orrialdetik gorako aldizkaria prestatu dugu. Iazkoaren ildo beretik aritu gara oraingoan ere, ilustrazioak, elkarrizketak, erreportajeak, ipuina, infografiak… denetarik pixka bat, guztien aho gozagarri izango dena eskaini nahian.
Ruper Ordorika paratu dugu azalean, eta barruan aurkituko duzue Gorka Peñagarikanok egindako elkarrizketa patxadatsua. Bigarren elkarrizketa bat ere bada aldizkari honetan, Arantxa Orbegozo Txitxi-ri egindakoa. Oñatiarra bezain ezaguna ez da izango agian, baina badauka zer kontatu bidaiari, kirolari eta margolari tolosarrak. Ainhoa Mariezkurrenak elkarrizketatu du Villabonan (Gipuzkoa).
Elkarrizketez gain, hainbat erreportajeren artean gustukoenak aukeratzeko parada izango du irakurleak. Mikel Garcia Idiakez hautuz gurasobakar diren lau lagunekin egon da eta, besteak beste, familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez eta kontziliazioaz hitz egin dute. June Fernandezek, berriz, migrazio-doluari heldu dio Susanna Martinek ilustratu duen erreportajean. Mikel Aramendik astero eskaintzen dizkigu argia.eus-en geopolitika aletxoak. Gakoak-en, hainbat orrialdetan, Palestinako genozidioaren ondorioez aritu zaigu. Galdera hauek egin ditu: Israelek zer irabazi eta galdu du? Irani onura ekarri dio probokazioetan ez erortzeak?
Palestinatik Pakistanera, Igone Mariezkurrenaren eskutik. Argazki-erreportajean muturreko lehorteek eta euriteek Asiako herrialde horretan piztu eta bizkortzen dituzten gaitz sozialak aletu ditu. Estitxu Eizagirrek, aldiz, etxeraino ekarri gaitu, Behorlegiraino (Nafarroa Beherea). Odei Etxeberri eta Gorka Rocaren etxean izan da, haien baratze-oihanean. Lau kideko familia elikatzeko buruaski direla kontatu digute.
Ainhoa Urienek ipuin bat kontatu digu, kontaketa berezia, egiazko pertsonaiak baititu hizpide: 1936ko Gerra betean erditu zen Julia Amesti ermuarra eta bere alaba dira protagonista.
Ibilbideak
Ipurdia altxatzeko gonbitea ere badakar Gakoak-ek. Urko Apaolazak Euskal Herrian bertan egiteko ibilbide dekolonialak proposatu dizkigu eta Xabier Iabenek Aragoiko Asabón errekan barna bizikletaz egin duen ibilbidea kontatu digu, maki gerrillari antifrankisten arrastoa jarraituta.