2025erako egutegia prest

argia
0
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Iraileko lanera buelta gogorra egiten ari zaizula eta uda amaiera depresibo samarra duzula? Bada, animo goibela errematatzeko berehala hasiko dira –dagoeneko hasiak ez badira– “konturatzerako mahatsak jaten ari gara” edo “urtea ia joan zaigu” bezalako esaldiak harategian, igogailuan eta garagardo artean. Eta ARGIAk aukera aprobetxatu nahi du 2025ean pentsatzen ari diren horiei datorren urteko egutegia eskaintzeko.
Azken urteetako formula bera izango dugu 2025eko ARGIAren egutegian. Efemerideak. Ez edozein efemeride, historiografia ofizialak eta hedabide handiek beren agenda eta informazioetatik kanpo utzi ohi dituzten historiaren pasarteak, baizik.

Gogoratzen non zeunden duela 50 urte?
1975 historiko hartatik mende erdi pasata, datorren egutegiak urte borobil hori baliatuko du Euskal Herriaren historia markatu zuten gertakari asko kronologikoki kontatzeko –atxiloketak, atentatuak, Txiki eta Otaegi, greba orokorrak, Francoren heriotza…–. Egun eta hilabete nahasi horiek bizi izan zituztenek memoria egin eta non zeuden oroitu ahal izango dute eta egon ez ginenontzat historia klase polit bat izan liteke.

Ez dira, noski, 1975 hartako kontuak bakarrik izango egutegiko orrialde bakoitzaren atzealdean irakurriko ditugunak. Historia ofizialari interesatzen ez zaizkion pertsona asko ezagutuko ditugu, egungo mundua hobeto ulertzen lagunduko diguten historiak. Eduardo Galeanok zioen bezala, “oroimen historikoa ez da iraganeko nostalgia hutsa, tresna bat da gaurko injustiziaren aurkako borrokan”.

Egutegirako prestatutako eduki guztia efemerideen kanalean jasota geratzen da, gainera. Azken sei urteotan bildutako informazio guztia kanalean dago.

Euskarri berriak
Egurrezko euskarri berriak izango ditu aurten ARGIAk, Donostiako Muiñagorri inprentan eginak. Garai batean tailatutakoak baziren ere, orain laserrarekin egindako irudia izango dute ARGIAren logoa.

Artikulu hau irakurtzen duzunerako egutegiaren eta euskarriaren aurresalmenta martxan egongo da ARGIAko Azokan eta Durangorako ere pilak kargatzen hasita egongo dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA