Sagarra jotzen da ez bakarrik Gipuzkoan

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] “Mintza daitezela periferiak”, abesten du Odei Barroso Gomilak Terapia lanean. Eta hala mintzo dira aurtengo Sagarrondotik ale berezian: sagarraz, Arabatik. Irribarre bihurriz azpimarratu nahi izan dute lehen sagardo ekologikoa bertatik atera zela, Ozaetatik (Barrundia), 2003an. Dena den, Hernani eta Astigarraga larunbat eguerdietan laster jendez leporaino beteko direnean, badute zer esana Ipar Euskal Herriak eta Nafarroak ere euskal sagardoaz.

Ozaetako sagar zuku ekoizpenaren inguruko erreportajea ondu du Garazi Zabaletak, erakutsiz sagarrarekin inguru horretan dagoen eta izan den lotura. Matxaka, prentsa eta pasteurizagailu banarekin egin dute iraultza txikia Barrundiako herriburuan eta herritarrentzat milaka litro sagar zuku ekoiztera iritsi dira modu autonomoan. Hamar urte dira lehen botilak muztioz bete zituztela eta ez du etenik, “milaka sagar zuku litro, Ozaetatik mundura” zabaldu direla diote harro proiektuaren bultzatzaileek.

Beste batzuk, berriz, lanean dihardute Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak bildu ditzan, txapela beraren pean. Bada zer eginik, pentsatuko duzun bezala, zazpi lurraldeak hiru administraziok kudeatuta. Gaur egun Euskal Sagardoa Jatorri Deituran Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sagar eta sagardogileak sartzen dira eta Ipar Euskal Herrikoak eta Nafarroakoak sartzea da helburua. Euskal Herriko sagarren berezitasunez, daukagun aberastasun eta kulturaren transmisioaz, merkatuaz eta askoz gehiago aritu da Jon Torner Unai Agirre sor-markaren koordinatzailearekin.

Urte batzuk badira ale berezi hau sagardoaren gida modura sortu zela, irakurleari sagardotegien inguruko oinarrizko informazioa eskaintzen ziona, telefono, helbide eta abarrak… Ezagun egin ziren urteroko posterrak ere. Baina garaiak aldatu dira eta zentzu handiegirik ez du paperean telefono zenbaki eta helbideak zabaltzeak, poltsikoan daramagunean eguneratuta mantentzen den entziklopedia osoa. Ordea, sagarraren eta sagardoaren kultura bada ARGIAren baloreekin bat datorren zerbait eta irakurleari gaiari lotutako edukiz betetako aldizkaria eskaintzeko aukera aprobetxatu dute azken urteetan, sagardo denboraldia hastear denaren aitzakiarekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA