[Itsaso Zubiria Etxeberria] Jendetzaren artean aurrera noa eta jada gurutzatu ditut mutil gazte bat letxuga bat eskuetan duela, erraldoien liburuak aurpegia argitu dion haurra, lehen krema hidratatzailea egiteko aholkuak errepasatuz sendabelarren liburua begien aurretik kendu ezinda besoan kolpatu nauen emakume nagusia, umeek superbotereak dituztela kontatuz lagunari txapa ematen ari zaion irakaslea, eta jendez mukuru egonda ere, Landakoko pasilloaren beste puntatik nola datorren ikusten den jertse hori-hori bat. Kanaberen babesean, azken urteetan legez, ARGIAk aurten jarri dituen sei stand-etara heldu naiz eta polita izan da egonaldia.
Martxa handia dago. Gerturatzen direnetariko asko harpidedunak dira eta Gabonetako erosketak egiteko aprobetxatu nahi dute Durangoko Azoka. Zerrendarekin datoz batzuk, besteak urteroko egutegi takoaren bila. Begira nagoela, harpidetza bana egitera etorri dira bi lagun. Diote, urteak daramatzatela ARGIA Internetez doan irakurtzen eta proiektuari babesa eman nahi diotelako egingo direla harpidedun. Bukatu dutenean, beraiekin egon den ARGIAko kideak azpimarratu dit ez direla harpidetza egitera etorri diren lehenak eta oso pozik direla jendearen harrerarekin. Han nabilela, Zaldibarko ama-alaba batzuk hurbildu dira eskerrak ematera. Une zirraragarria izan da adierazi dutenean jaso berri dutela 50 urtetik gorako harpidedunei bidalitako oparia; oso eskertuta daudela eta beraiek direla Lasarte-Oriara iritsi diren esker-gutunetako bat idatzi dutenak. Eta bitartean ikusten ditut Garbiñe Larrea eta Jakoba Errekondo, bakoitza bere fan-ekin, zalantzak argitzen eta jendeari entzuten; baita Miguel Arribas Kelo eta Josebe Blanco ere, hazien zein ardien inguruan interesa dutenekin hitz egiten, jende berria ezagutzen, jakintza zabaltzen; Koldo Rabadan, Amaia Egidazu, Iñaki Sanz-Azkue, Eñaut Aiartzaguena, Adur Larrea eta Gorka Bereziartua, bakoitza bere esparrutik haurren munduan murgiltzen… Eta denek daramate erosketa batekin ARGIAren azken aldizkaria poltsan, opari. Ederra saltsa aurten ere kanaberapean.
Euria goian-behean atera naiz Landakotik eta bisita bat egitera gerturatu naiz Andra Mari elizaren parean jarritako ARGIA / Inor ez da ilegala dendara. Han ere topera, tartean Boubacar Diouf buru-belarri. Zortea izan dute, eguraldi eskasa hobeto pasatzen baita denda barruan kanpoko postuan baino. Inor ez da ilegala proiektuan sortutako bi nobedadeak oso ondo saltzen ari dira eta baita lehendik daudenak ere. Kasu batzuetan aleak agortuta, jendeari esaten ari dira Durango pasatakoan stock-a berritu eta azoka.argia.eus webgunean egongo direla berriz eskuragarri.
Indarrez eta gogotsu hartzen du urtero ARGIAk Durangoko Azoka, urteko produktuen salmentarako bezainbat, proiektua ezagutzera emateko plaza polita baita. Talde osoa aritzen da stand-etan, bakoitza bere arlotik, gerturatzen denarekin solasteko, lurrari loturiko lanez bezala erreportajeez, hezkuntzaz, haziez edo artzantzaz. Oso gustura daude 2024ko Durangok emandakoarekin.