[Itsaso Zubiria Etxeberria] Azken urteetan trasteleku modura ibili dudan gela txukuntzen hasi naiz eta, fundamentuzko txukunketa guztietan bezala, une batetik bestera denboraren nozioa galdu dut ume eta nerabezaroko argazkiei begira, eskolako proiektuetatik begiak ezin kenduta… Gela txukunketa hasi aurretik baino desastreago ikusten den une hori; eta ni, lurrean eserita, paperez, dokumentuz, argazkiz inguratuta eta oroitzapenetan murgilduta. Badakizu zertaz ari naizen, baietz, irakurle?
Fundamentuzko txukunketa guztietan bezala, altxor ederrak topatu dituzte ARGIAn, artxiboa garbitzen hasita. Antza inprimategian (ARGIAren egoitzaren parean dago, Lasarte-Orian) dago kokatuta hedabidearen urtetako artxiboa, astekariz, Larrun-ez, urtekariz eta hamaika gehigarri, kartel eta askotariko dokumentuz betea. Antzan birmoldaketa bat egin behar dutela eta mugitu dute, behin-behinekoz, artxibategia. Eta, noski, behin paper artean sartuta, beti bada ahots txiki baina sendo bat esaten duena: “Garbiketa egiteko aprobetxatuko dugu”. “Puf…”, erantzuten duten horietakoa naiz, daitort, badakidan arren beharrezkoa dela eta emaitzak mereziko duela.
Zer topatu duten ARGIA-ren paper zaharretan?
Hasi etxeko gazteenek ezagutu ere egiten ez dituzten disketeen aurreko floppy-tik eta Euskaldunon Egunkaria-ren akzio fisikoetaraino. Garai bateko prentsa-akreditazioak, erreportaje bakarrarentzat tokia zuten disketeak… Eta belaunaldi batetik besterako aldea, horretan ere, handia. Mundu analogikoan jaioek gauzak botatzeari jartzen dioten erresistentzia vs mundu digitaleko generazioek, hodeiak eta disko gogorrek ematen dien ziurtasunarekin, euskarri fisikoak botatzearen erraztasuna (errazkeria?). Total, han ibili direla, batzuk hondakin-ontzira bota eta atzetik besteak berreskuratzen “hau nola botako dugu ba?”, esaten duten bitartean. Badira altxor txikiak etxera eraman dituztenak, baita “basuretara botatzea erabaki baduzue, nik bota aurretik nahiago etxera eraman” esan duenik ere.
Baina bai, bazegoen zer botea, bazegoen hautsa kendu beharra, eta orain, behin-behinekoz ARGIAn izango duten artxibategia laster itzuliko da Antza inprimategira, lehen baino txukunago. Eta lantaldeari balio izan dio aitzakiak, garbiketan zehar topatutako kartel eta aldizkarien bueltan taldeko gazteenei transmisio-lana egiteko; ARGIA nondik eta noiztik datorren gogoratzeko.