[Itsaso Zubiria Etxeberria] Artikulu hau idazten hasi orduko burura datorkit honi lotuta egin genezakeen beste bat: bildu beharko genituzke ARGIA lagunen “erritoak”, bakoitzak nola eta zein momentutan kentzen dion ARGIAren egutegiari orria eta noiz irakurtzen duen eguneko efemeridea. Sukaldeak izango dira espazio-protagonista, pentsatzen dut. Inork izango al du komunean egutegia? Tira, hori hurrengo baterako. Gaur aurkeztu nahi dizuedana beste bat da, Xabi Burgaña, egutegiko efemeride hauen egilea.
Urte osoko lana izaten da historiako gertaera hauen bilketa-lana. Edo urte osoan zehar egoten dira batzuk “egutegiaren txipa” jarrita. “Irakurtzen ditugun liburuetan, ikusten ditugun filmetan datarik edo gertakari esanguratsurik topatzen badugu gure datu basean sartzen dugu”, azaldu digu Burgañak. Lander Arbelaitz ARGIAko kidea eta biak ibiltzen dira buru-belarri honetan eta koordinazio lan horren emaitza dira eguneroko historia pilula txikiak. Urtetan osatzen doazen datu base horretatik, egun bakoitzeko gertakarien lehen aukeraketa Arbelaitzek egiten du eta hain justu urte garai honetan bidaltzen dio Burgañari 365 efemerideen zerrenda (2026koa martxan izango da berandu baino lehen). “Efemeride eta datuetan murgilduta gabiltzanean, barrutik aritzen gara lanean eta emaitzan eragina izaten du, horregatik egiten du lehen aukeraketa Arbelaitzek, kanpoko begirada batekin gaien oreka hobeto topatzen baita”, azaldu digu Xabi Burgañak.
Orain hasiko da Burgañaren lan potoloena. Aukeraketa jasota, efemeride bakoitzaren inguruko informazioa bildu eta zailagoa dena, lau esalditan laburtu. “Ez naiz historialaria, baina zalea bai eta ezagutzen ez nituen gertakari askoren berri izateko balio dit honek”, esan digu eta jarraitu: “asko gozatzen dut lan honetan eta behin baino gehiagotan pasa zait gertakari baten bueltakoak irakurtzen hasi eta ezin gelditu; asko ikasten da”.
2020ko takoa izan zen Burgañaren lehena eta ordutik hona asko sistematizatu du lana. “Hasieran iturri guztiak bilatu beharra izan nuen eta orain, sarri, gertakari baten inguruko informazioa bilatzeko etxean ditudan liburuetan badakit justu nora jo”, dio. Euskal gatazkaren gaietan Emilio Lopez Adan Beltza-ren Borroka armatua Euskadin eta XX. mendeaz Por el bien del imperio eta El siglo de la revolución Josep Fontanarenak ditu iturri.