Sosaz ere hitz egin behar da

argia
0
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Zer litzateke kazetaritza administraririk gabe. Kazetariaren lana ederra da, interesgarria, ezinbestekoa gizarte kritiko bat izateko, esango nuke; baina hedabide bat ez da soilik erredakzio taldea, atzeko lan handia dago eta administrari, idazkari, komertzial, banatzaile eta abarrik gabe jai dago. ARGIA komunikazio proiektuak ere baditu bere “ahaztuak” eta egiten duten lana ekarri nahi dizuegu lehen lerrora.

Aurreko astekarian erredakzio-bileren funtzionamendua azalduta, gaur ‘Diru-iturriak’ deituari tokatzen zaio. ARGIAko langile guztiak, edo erredakzio taldean edo ‘Diru iturrietan’ daude. Azken hori erredakzioa bezain sekzio garrantzitsua da, ARGIAk biziraungo badu. Noski, komunikazioa da enborra, kazetaritza, baina talde honetan elkartzen dira ARGIAk dituen dibertsifikazio lerroak (Azoka, Bizi Baratzea eta Produktua taldea, zeinak Egutegia, Gakoak eta hainbat liburu berri kudeatzen dituen), harpidetza, komertzial, idazkari, administrari eta banaketa taldea. Hasteko, informazioa denek izan dezaten. ARGIAn erabakiak ez dira iristen goitik behera; esandakoa egin eta kito. Ez. Sistema horizontal batek lan egiteko beste formula batzuk eskatzen ditu, askotan aipatu ditugun lantaldeak, informazioa ere modu horizontalean kudeatu, denen artean hausnartu proiektu osoaren norabidea eta erabaki enpresa estrategia bateratu bat. Kazetaritzatik haragoko lanak, erredakzio bileretan aipatzeko lekurik ez dutenak, baina nonbait eztabaidatu beharrekoak. Hortik ‘Diru-iturriak’. Bertan hitz egiten dute lantalde bakoitza zertan den, Bizi Baratzea nola dabilen, ze asmo dituen, zer produktu berri duten batak eta besteak eskuartean, Azokan zer berri dagoen, banaketarekin arazorik badago nola dabiltzan… Aportatzeko, laguntzeko, osatzeko, kontrastatzeko espazioa da.

Gai estrategikoak eta proiektuen errepasoa astero
Urtean zehar jorratu beharreko gai estrategikoak zehazten dituzte, datozen hilabeteetan horiek lantzeko. Izan liteke prezioen politika, argitaratutako liburuen egiletzetan hartu beharreko politika, banaketa sarean hurrengo urratsa… Ondoren egiten dute talde bakoitzaren errepasoa eta asteroko jarraipen honekin ikuspegi globala lortzen du enpresa osoak, besteena ezagutu eta norberarena besteekin kontrastatuta. Eta jokoko pieza garrantzitsuek ere, administrariek, hartzen dute parte, erreportajeak idatzi eta proiektuetarako proposamenak egitea oso polita baita, baina benetan sosa kontrolatzen duenari ere entzun behar baitzaio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA