[Itsaso Zubiria Etxeberria] Badira ia bi urte ARGIA Kataluniako Ekoedizio Institutuko bazkide dela eta 2023az geroztik argitaratutako liburuek ekoedizio zigilua daramate, denok jakin dezagun, batetik, ekoedizio hori egiaztatzeko irizpideak bermatzen direla eta, bestetik, zein den liburu horren argitalpenak utzitako arrasto ekologikoa. Eta karbono aztarna, sorturiko hondakin edo energia kontsumo kopuruak gramotan eta g CO2 eq. bezalako neurgailu konprenitzen ez hain sinpleetan emateaz aparte, herritarroi errazago ulertarazteko alderaketa polit bat ere jartzen du taularen azpian: “Ale honen arrasto ekologikoa autobusez 21’99 km bidaiatzearen parekoa da”. A, hori bai, hori hobeto ulertzen dut; alegia, Zarauztik Donostiara turistaz betetako autobus batek (bidaia horretan) kutsatzen duena, gutxi gora-behera.
Pauso bat gehiago eman berri du ekoedizioan ARGIAk. Orain arte argitalpen jakinetara, liburuetara mugatzen zena astekarian eta Bizi Baratzea Orria-n aplikatzen hasi dira, maiztasun batekin egiten diren argitalpenetan. Aldizkari guztiak izango dira, hemendik aurrera, ekoeditatuak, ingurumenarekiko errespetuzkoak, eta astekari bakoitzak eramango du hori berresteko zigilua, ondoan QR bat duela, inork aldizkari horren arrasto ekologikoa zein den zehatz ezagutu nahiko balu, kontsultatzeko.
Ez da ARGIAk berak bere buruari jarritako marka, noski. Esan bezala, Kataluniako Ekoedizio Institutuak ematen ditu zigiluok, hala dela berresteko zehaztutako hamabi irizpide kontuan hartuta.
Zer diote Institutukoek gutaz?
“Guretzat ARGIA bezalako proiektu bat bazkide izatea ez da bakarrik zigilu hori Euskal Herrira zabaltzea; esan nahi du geroz eta gehiago garela egiteko beste modu jasangarriagoetan sinesten dugunak”, azaldu digu Marta Escamilla Kataluniako Ekoedizio Institutuko kideak. “ARGIAk egiteko modu oso hausnartuak ditu eta antzeko baloreetan oinarritzen gara bidea egiteko. Edizioaren eta paperaren mundu hau ez da kutsadura handia sortzen duen sektorea, nahiz eta bakoitzak dugun geure ardura; baina gure lanik handiena dibulgazioan eta ideien eta baloreen zabaltzean dago. Horretan jarri nahi dugu indarra eta ARGIA horren parte da”, azaldu du. “Badago aldizkariren bat badaramana zigilu hau, baina asteroko maiztasunarekin argitaratzen denik ez da izan orain arte, ARGIA da lehena. Jada ez da argitaletxe batek egiten duen apustu puntual bat, zerbait berezia, egiturazko aldaketa bat da eta horrek proiektua leku batean kokatzen du”, azpimarratu du.