Filosofatu dezagun umeekin eta umetatik

argia
0
Iñigo Martinez aurkezlea eta Malen Etxebeste gonbidatua podcastaren bigarren saioan.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Orain hilabete batzuk atentzioa eman zidan inguruko herri batean antolatuta zegoen haurrentzako tertulia filosofikoaren kartelak. Eta hara non, Interneteko bilatzailean sartzen duzun oinetako edo liburuaren ondoren, hurrengo egunetan jasotzen dituzun antzeko produktuen gomendioak bezala, iritsi zaidan ARGIAko podcast berri baten albistea. Haurtzaroa eta filosofia oinarri. Iñigo Martinez Peña izango du gidari saioak eta zortzi emanaldi aurreikusten dira, apirilaren 6an hasita. Galdera basatiak du izena podcastak.

“Gizartea pentsatzeko eta etorkizunari begiratzeko modu bat izan liteke haurtzaroa abiapuntu hartuta galdera filosofikoetan murgiltzea”, azaldu digu Martinezek. Ordu-erdi inguruko saioak izango dira eta gaian adituak diren pertsonei egingo dizkie elkarrizketak. “Lehenengo saioa orokorragoa izango da, haurtzaroaz nolabaiteko kartografia bat egin nahian haurtzaroaren inguruko egungo estereotipoetan oinarrituta: nola hurbiltzen garen fase honetara, ze puntura arte daukagun idealizatuta edo ez, umeak babestuegi dauzkagun edo ez…”, esan digu. Hurrengo saio bakoitzean gonbidatu bat izango da eta galdera zabal bezain zehatz bat egingo zaio. Adibidez: Zer da maitasuna? Zer da heriotza? Eta errealitatea, zer da?

Jakin-min bezalako elkarteak hasiak dira haurrekin galdera hauen inguruan hizketan (uste dut horrelako tailerren baten ingurukoa zela ni liluratu ninduen kartela) eta saio horietan umeek emandako erantzunak oinarri hartuko dituzte podcast honetan, gero gaia bera gizarte osora ekartzeko. Beraz, norentzat izan litezkeen interesgarri saio horiek? “Seguraski gizartean edonorentzat, baina bereziki, nik uste, hezkuntzaren bueltan dabilenarentzat, guraso elkarteentzat… ikusita hezkuntzan pantailen eta arretaren inguruko kezka geroz eta nabariagoa dela”, erantzun du.

Gonbidatuak
Maddi Nazabal ariko da heriotzaz, Izaro Toledo maitasunaz, Imanol Alvarez izango da errealitateaz mintzatzeko gonbidatua eta Malen Etxebeste adituko dugu, jada heldu, tailer hauetan parte hartu zuen haurraren paperetik.

Argia.eus-en zintzilikatuko da, apirilaren 6tik aurrera, igande arratsaldetan eta etxe honetako sare eta plataformetan zabalduko da.
Iñigo Martinez aurkezlea eta Malen Etxebeste gonbidatua podcastaren bigarren saioan.
Ni aurikularren bila noa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA