[Itsaso Zubiria Etxeberria] Nabaritu al dituzu esku berri baten marrak azken Larrun-etan? Joseba Larratxe Josevisky-k agur esan eta Iñaki Landa Fuentesek heldu dio ilustratzaile lanari. Aitzakia aprobetxatzeko gonbidapena egiten dizut, irakurle, izen bereko Instagram kontuan sartu edo inakilanda.com webgunean eta murgildu irudi eta kolore ederretan, gure kolaboratzailea eta bere estiloa pixka bat gehiago ezagutzeko. Ez zara damutuko!
Portugaleten jaioa eta Durangon bizi, “betidanik” marrazten duela esan dit, baina orain bost urte inguru egin zuela afizioa ogibide. “Ziurgabetasun handiko lana da autonomoarena, baldintzak ez dira onak nor bere kabuz aritzeko, baina niri izugarri gustatzen zait nire lana; pentsa, igandeak ez zaizkit gogorrak egiten!”, azaldu dit barrez. 2022an hasi zen ARGIAn kolaborazioak egiten. Azal baten ilustrazioa, gero lan puntualak… eta joan den irailetik hasi da hilabeteroko maiztasunarekin Larrun-eko azalak ilustratzen. Ez da egiten duen lan bakarra, noski, eta egiten ditu liburuen azalak eta barruko marrazkiak, ekitaldietarako kartelak, enkarguak… Sarreran aipatu dizkizuedan bi erreferentziei begiratu bat botata jabetuko zara zer lan egiten dituen Landak.
Gaia eta ikuspuntua
Bi zehaztasun horiek ditu garrantzitsu lan egiteko. “Hilabetekarian landuko den gaiaren ikuspuntua inportantea da, ilustrazio orokor bat baino nahiago baitut zerbait zehatzagoa irudikatu”, azpimarratu du. “Gaia eta ikuspegia zein diren badakidanean, abstraktua den hori, kontzeptua, irudi bilakatzen ahalegintzen naiz. Ez dut beti aurrenekoan asmatzen, batzuetan buruan ondo ikusten dugunak paperean ez baitu funtzionatzen”, esan digu. Zirriborroa aurkeztu eta baiezkoa denean osatzen du behin-betikoa.
“Ez nuke esango gai kutunik dudanik, gehiago da badaudela gertukoagoak egiten zaizkidan edo zeharkatzen nauten gaiak; eta horiekin erosoago sentitzen naiz”, dio eta jarraitu: “amorrua kanalizatzeko modu bat ere bada, gaiak ukitzen zaituenean, zuk sentitzen duzuna marrazki bidez adierazteko era; gertatzen zait, adibidez, Palestinako egoerarekin”.
Beti eman izan dit inbidia ilustratzaileak, konplexua den hori modu sinple batean irudikatzeko duen gaitasunak. Gustura jarraitu dut Larrun-en testuak osatzeko Iñaki Landak egiten duen lana.