Euskal Herriko erreferenteekin dantzan

argia
0
Aurtengo Lurraman, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta ARGIAk elkarlan iraunkorrerako pausoak eman dituzte.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Euskal Herrian erreferentea da. Hurrengo ekitaldia sekulakoa izango dela espero da. Ospatzeko zerbait. Eta ARGIA bertan izango da, bertan egon nahi du, lehen lerroan. Ez, irakurle, ez naiz BECeko Mitoaroaz ari, Miarritzeko Lurramaz baizik! 20. edizio honetan ARGIAk EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin adostu elkarlanak nobedadeak dakartza eta kontatu egin nahi dizkizugu.

Bizi Baratzea lantaldeak aspaldian zuen EHLGrekin, lurrari lotutako erreferentea, zerbait egiteko gogoa. ARGIA egona da, bere postua jarrita, beste urte batzuetan Lurraman, baina zerbait iraunkorragoa hasteko nahia bazetorren lehenagotik. Aurtengoa, esan bezala, edizio berezia izango da eta urtero izendatzen duten herri gonbidatua, 2025 honetan Euskal Herria izango da. Bertako laborari eta herri mugimenduei eskainiko zaie leku guztia, nazio mailako azoka egingo da eta zazpi lurraldeetako herritarrak bertaratzeko nahi horretan jarri da EHLG harremanetan ARGIArekin. Feeling-a bazegoen lehendik eta lehen bileran sortu da txispa. Match.

Komunikabideak bere lana egingo du. Komunikatu. Sustapena egin. Publizitate bidez, orrialde batzuk lehenago irakur dezakezun gai nagusia bezalakoak eskainiz, ekitaldia finantzatzeko martxan jarri den kanpainari ahotsa emanez… Eta azokan buru-belarri parte hartuz. Indar guztiak bertan jarriz, talde modura, Durangon bezala, denak egon daitezen bertan, denek bizi dezaten ekitaldia barrutik. Egonarria saioa bertan grabatuko da Kanalduderekin batera eta mintzatuko dira Lurramako hitzaldiak eskainiko dituztenekin.

Aldi berean, EHLGren Izar Lorea aldizkariarekin batera banatuko da Bizi Baratzea Orria eta hala, ARGIA helduko da Iparraldeko laborarien etxe askotara, komunitatea zabalduz.

Ez duzu laboraria izan behar Lurramara joateko
Batez ere Hegoaldeko publikoari: Miarritzeko Irati erakustazokara gerturatzen dena ez da traktore bat erosita itzuliko etxera. Ez duzu nekazari edo abeltzain izan beharrik joateko. Denetarik egongo da gozatzeko, hitzaldi interesgarrietatik hasi –euskaraz, nagusiki, eta itzulpen zerbitzua beti bermatuta– eta oraindik esan ezin diren baina oso ezagunak diren taldeen kontzertuetaraino. Azoka etengabea izango da, sor-markei leku berezia eskainiko zaie, bertako jan-edanak dastatzeko aukera, umeen txokoa. De-ne-tik.

Azaroaren 7tik 9ra, Miarritzeko Irati erakustazokan. Bertan ikusiko dugu elkar?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA